Hurrengo legealdia izango da Sakanako Udal guztietan, Mankomunitatearen bidez, emakumeen eta gizonen berdintasunerako lana egingo den lehenengo aldia. Hartu duten erabakiak esan nahi du Udal guztietako lanaren lehentasunen bat berdintasuna dela; horrela, lehenengo urratsa bete dute: politikarien konpromisoa eta lan egiteko erabakia, eta, bide batez, Berdintasunerako Foru Lege berria beteko dute.
Erabaki honek oso eragin positiboa izango du Altsasuko Udalaren lanean eta, halaber, Altsasuko Udalak egindako lanak Mankomunitateko prozesu berria erraztuko duela uste dugu. Hau dena azken helburua lortzeko asmoz: Sakanako emakumeen eta gizonen bizitza hobetzeko eta zonaldearen garapena bere biztanleen beharretara egokitzeko.
Baina konpromiso hau, helburuak finkatzeaz gain, eguneroko lan egiteko era bihurtu behar da, eta hau da talde politikoek eta hurrengo zinegotziek egin behar duten bigarren urratsa, lehenengoa baina garrantzitsuagoa, dudarik gabe.
Hori egiteko, haien jarduera politikoan etengabe kontuan hartzeko bi galdera proposatzen dizkiegu. Alde batetik, zer eragin izango du Udalean hartutako erabaki bakoitzak bai herrietako emakumeengan, bai gizonengan? Bigarrena, zer egiten ari gara enpleguan, zainketan, hezkuntzan, komunikazioan eta hizkuntzan, indarkerian, emakumeen eta gizonen arteko arrailak desagerrarazteko?
Laburbilduz, zer egiten dugu Udalaren aurrekontuekin? Badakigu nork jasotzen duen eta zertarako?
Behin bi urrats hauek eginez gero, hurrengoak ziurtatuta daude: galderak erantzuteko tresnak eta prestakuntza izatea, eta neurriak martxan jartzea.
Alkate, zinegotzi eta batzorde guztien ardura delakoan…