Babestutako edukia

"Sakanan abeltzaintza, gazta eta hestebeteak nabarmentzen dira"

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Carreño Mundiñano 2021ko ira. 22a, 11:11

CPAEN/NNPEK Nafarroako elikagai ekologikoak ziurtatzen dituen erakunde publikoak 25 urte bete ditu, eta irailaren 24tik 26ra ospatuko du Noaingo Zentzumenen Parkean. Azoka horretan, besteak beste, Sakanan ekoitzitako elikagaiak egongo dira

1. Zer da nekazaritza ekologikoa?

Nekazaritza kudeatzeko eta nekazaritzako elikagaiak ekoizteko sistema orokor bat da, bere baitan hartzen dituena ingurumeneko jardunik hoberenak, biodibertsitate maila altua, natura baliabideen zaintza eta animaliaren ongizateari buruzko arau zorrotzen aplikazioa. 

2. Nola dakigu elikagai bat ekologikoa dela?

Produktu ekologikoek ekoizpen ekologikoaren erreferentziak dituzte etiketetan, termino babestuak erabiltzen baitira: "ekologikoa", "biologikoa" edo horien laburdurak, "eko" eta "bio" hain zuzen. EUROHOSTOA izenari esker identifikatzen dira. Europako Batasuneko ekoizpen ekologikoaren logotipoa da, eta kontrol erakundeak (kasu honetan, Nafarroarako, CPAEN/NNPEK) adierazten duen logotipoa eta zenbakizko kodea dituzte. Europar Batasuneko Kontrol Agintaritza gisa identifikatzen gaituen zenbakia "ES-ECO-025-NA" da. Urtero, CPAEN/NNPEKen ikuskaritzak operadore guztiak bisitatzen dituzte,  araudi guztia betetzen dela bermatzeko. 

3. CPAEN/NNPEK erakundeak 25 urte bete ditu. Nork osatzen dute?

Azken zentsuan, 2021eko maiatzean, 724 operadore zeuden eta 60.471 ha. ziurtatutako azalera osoa, Nafarroako nekazaritzako azaleraren %6,77. Guztira, 2.500 elikagai baino gehiago ziurtatzen dira, 35 sektoretakoak.

4. Zer ekarpen egiten du ekoizpen ekologikoak?

Ekoizpen ekologikoak gauza asko eskaintzen ditu oso esparru desberdinetan. Elikagai osasungarriak dira, kutsatzailerik gabeak, freskoak eta sasoikoak, eta horrek zuzeneko zerikusia du osasunarekin. Gainera, modu iraunkorrean ekoizten dira, naturarekiko, haren zikloekiko eta ekosistemekiko erabateko errespetuarekin, eta horrek eragina du ingurumenean. Ekoizpen modua jasangarria da, eta  askotan merkaturatze zirkuitu laburren bidez banatzen dira. Horrek zerikusia du landa garapenarekin eta gure herrietako nekazaritza jarduerari eustearekin.

5. Sakanan badago ekoizpen ekologikorik?

Bai, ekoizpen ekologikoa Foru Lurralde osoan dago. Sakanan abeltzaintza, gazta eta hestebeteak nabarmentzen dira, baina arrautzak eta horien eratorriak ere aurki ditzakegu. Zehazki, 16 operadore daude, nekazari, elaboratzaileen, abeltzainen eta biltegizainen artean banatuta.

6. Non aurki daitezke?

www.cpaen.org webgunean, "operadoreen gida" atalean, Nafarroako operadore guztiak aurkituko dituzte, baita Sakanakoak ere, herrien, produktu moten eta operadoreen arabera.

7. Eta elikagai ekologikoak erosteko?

Era guztietako saltokietan banatzen dira: saltoki handietan, saltoki txikietan... Altsasuko merkatuan, Iruñeko EKOmerkatuan eta beste askotan ere aurki daitezke.

8. Online eros daitezke?

Baita. Azken bi urteotan, operadore askok bat egin dute Interneten, kontsumo taldeak sortu dira eta zentro logistiko bat sortu da, Ekoalde, partikularrei Internet bidez saldu eta Horeca kanalari zerbitzua ematen diona. Webgunea: www.ekoalde.org. Gainera, txikizkako merkataritzaren eta ostalaritza ekologikoaren sare zabala dago www.navarraecologica.org webgunean.

9. Nola aurkezten da etorkizuna?

Beharrezkoa da Nafarroako ekoizpen ekologikoari bultzada ematea. Europako Batzordeak,  "Baserritik mahaira" estrategiaren bidez, esan du 2030ean Europako lurren %25a ekoizpen ekologikoa izan behar dela, eta Nafarroan ez da %10era iristen.

10. Zer urrats eman behar dira?

Aurrera egin behar dugu Nafarroako ekoizpen ekologikoa hazi dadin eta Nafarroako gizarteari elikagai ekologiko osasungarriak eta jasangarriak eskaini ahal izateko. Jasangarriak eta osasungarriak lurraldearekin eta pertsonekin, klima aldaketa murrizten lagunduz eta gure herriei bizia emanez.

11. Nola ospatuko duzue 25. urteurrena?

Irailaren 24, 25 eta 26an 25. urteurrena ospatuko da Nafarroako Azoka Ekologikoarekin batera, Noaingo Zentzumenen Parkean. Ekologiaren festa izango da, Nafarroa osoko elikagai ekologikoen saltokiekin eta jaietako zein dibulgazioko jarduerekin. Harrera ona izatea espero dugu, sektorea ezagutzeko aukera ona izango da.