Urtebete igaro da dagoeneko lehen harria jartze ekitaldia ospatu genuenetik eta geroztik gogotsu ibili gara auzolanean Vasconia-Nafarroako Erreinua berreskuratu eta ezagutaraztea helburu duen proiektu hau aurrera ateratzeko.
Hori dela eta uda honetan proiektua zabaldu eta ezagutarazteko helburuarekin Ennecok ateak irekiko ditu jendearentzat. Enneco basoa, Aralar eta Urbasa mendilerroen artean kokatzen den 60.000m²-ko harizti eder bat da, naturaz eta lasaitasunaz gozatzeko toki ezinhobea. Gainera, ibilbide naturalistiko bat gehitu diogu, basoko landare espezie ezberdinek duten funtzioa azalduz.
Bestalde, parkean eraikiko diren txoko eta eraikinei buruzko panel informatiboak jarri ditugu Martin Alzueta “Martintxo” marrazkilariaren ilustrazioekin osaturik (mitologia, ikazgileak eta erdi aroko dorrea esaterako), Enneco Vasconia-Nafarroako Erreinuaren historian murgiltzeko parada egokia bihurtuz.
Amaitzeko, Nestor Basterretxea eskultore eta margolariaren memoria gunea ezarri dugu. Bere bizitzako azken urteetan proiektuaren bultzatzaile sutsua izan zen eta burubelarri ibili zen. Gune honetan, bere hitzak biltzen zituen panela aurkituko dugu eta baita proiektuaren finantziazioan laguntzeko sortu zuen Enneco eskulturaren erreferentzia ere.
Enneco basoa uztailaren 8tik irailaren 3ra izango da zabalik, asteartetik igandera, 11:00etatik 18:00etara. Sarrera doakoa izango da. Informazio gehiago: www.enneco.eus edo 663908306 telefonoan.