Maroko ezagutzen Haur Hezkuntzan

Erabiltzailearen aurpegia Andra Mari Ikastola 2016ko aza. 20a, 20:53

Andra Mari Ikastolako familiek eguneroko bizian presentzia handia daukate gurean. Momentuko proiektuak lantzerako orduan, informazio iturri paregabea izaten da beraien bisita.

Haur Hezkuntzako 5 urteko taldean oporren inguruan hitz egin genuenean, munduari buruzko hainbat proiektu eta jarduera egin genituen. Besteak beste, Norvegia, Suitza, Nepal, Guatemala, El Salvador eta Marokori buruz hitz egitera etorri ziren gelako gurasoak.

Iraiak oporrak Marokoko Marrakechen pasa zituen bere aitatxo Nordi eta amina Sofiaren herrian. Horregatik beraien hiria eta kulturari buruz gelara hitz egitera gonbidatu genituen eta makina bat gauza erakutsi ziguten:

Iraiaren gurasoen ezkontzako argazkiek haien kulturan murgildu gintuzten. Ondoren, Marrakech munduko mapan eta bolan kokatu genuen, eta Sakanatik haraino zenbat kilometro zeuden behatu. Bertako monumentuak, mezkitak, azokak ere erakutsi zizkiguten arbela digitalean. Marrakechko plazan zeuden suge domatzaileak, eskribak, janari, arropa eta altzariek txundituta utzi gintuzten. Eta nola ez, Sahara basamortua eta gameluak ere ikusi genituen.


Horrez gain, bertako gauza asko ekarri zituzten Nordik eta Sofiak: txilabak (jantziak), tajinak ( kuskus jateko platerak) teontziak, alfabeto arabiarra eta zenbakiak.

Agurrak eta beste hitz batzuk arabieraz ikasteko aukera izan genuen, bertako musika entzun, dantzatu eta eskuak ere margotu genituen (hennarekin beharrean errotuladoreekin)…

Eta bukatzeko gosari ederra: etxeko labean egindako txokolatezko bolloak!

Primeran pasatzeaz gain, asko ikasi genuen!