KIVA PROGRAMA ABIAN DA ANDRA MARI IKASTOLAN

Erabiltzailearen aurpegia Andra Mari Ikastola 2017ko urt. 18a, 11:16

Urtarrilaren 17an, asteartea, Etxarri-Aranazko kultur etxean eskola jazarpenaren kontrako KiVa programaren aurkezpena izan zen. Bertan, Ikastolen Elkarteko programa honen arduraduna den Ageda Laraudogoitia eta Itziar Aldaz, Andra Mari Ikastolako Orientatzailea eta KiVa taldeko arduraduna dena, programa honen nondik norakoak azaldu zituzten. Horrez gain, Andra Mari Ikastolak KiVa programa nola inplementatuko duen ere azaldu zuten.

Bertara, Andra Mari Ikastolako eta kanpoko guraso eta irakasleak gerturatu ziren.  

Azken urteetan hezkuntza emozionalaren arloan, ikaslearen zaintza eta ongizate psikologikoa bermatze aldera proiektu eta ekimen desberdinak jarri ditu Andra Marik. Orain, KIVa programaren ezarpenarekin pauso garrantzitsua emango du arlo honetan.

KiVa, eskola-jazarpenari (bullying-ari) aurre egiteko programa finlandiar bat da, Turkuko Nazioarteko Unibertsitateak sortu zuena. Finlandian, Lehen Hezkuntza eskaintzen duten eskolen %90ean erabiltzen da.

Ikastola honen helburua ez da jazarpenak murriztea, baizik eta bakar bat gehiago ere ez gertatzea. Ikastolek xede hori lortzeko borondate irmoa dute.

Hitzaldian garbi geratu zen, eskola jazarpenaren helburua, jazarriarekiko nagusitasuna adierazteaz gainera, taldeko nagusitasuna lortzea ere dela, taldeko errekonozimendu soziala lortzea, alegia. Hori erakusten dute datuek: gehiago dira erasotzailearen alde jartzen direnak (%27, laguntzaileak ere batuta) biktimaren alde jartzen direnak baino (%17).

Fenomeno globala izateaz gainera, beraz, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada eskola jazarpena. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.

Era berean, ordea, biktimari jakinarazi behar zaio, helduen babesa eta laguntza dituela, eta entzun egingo diotela. Eta, noski, erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina. Alegia, prebentzioarekin batera, esku-hartzea egon behar du. Mahai baten hirugarren hanka gisa, berriz, ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie. Hori planteatzen du KiVak.

Prebentzioa lantzeko ikasmaterial jakin batzuk ekoitzi ditu (testu-liburuak, baliabide digitalak eta webgune bat, besteak beste) programa garatu duen Turkuko Unibertsitateak. Material horren bitartez, Andra Mari Ikastolan tutoretza saioetan landuko ditu hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea, bultzatzen da.

Eskola jazarpena detektatzeko baliabideak ere jartzen ditu KiVak irakasleen esku, ikasleek bullying kasuak modu anonimoan salatzeko aukera barne, eta eskola jazarpen kasuetan esku-hartzeko “KiVa taldea” deritzona osatzea proposatzen du. Gutxienez, hiru irakaslez osatutako taldea litzateke KiVa taldea; eta talde horretan zuzendaria edota arduradun pedagogikoa inplikatzea oso garrantzitsutzat jotzen du.

Talde berezi horiez gain, irakasle eta langile guztiak programan engaiatzea bilatzen du KiVak. Gurasoak ere bai, haientzako egindako eskuliburuen bitartez. Horrela, KiVak eskola komunitate osoa inplikatzen du eskola jazarpenaren aurkako programan. Eskola komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere.

Honekin guztiarekin, argi geratzen da Andra Mari Ikastola KiVa ikastola bat dela eta ez duela jazarpenik onartuko.