SEXUALITATEA ETA AFEKTIBITATEA ANIZTASUN FUNTZIONALA DUTEN PERTSONEKIN

Erabiltzailearen aurpegia Andra Mari Ikastola 2018ko urt. 30a, 15:49

Joan den astean, Psikologo klinikoa eta sexologian aditua den José Luis Garcíaren bisita izan genuen ikastolan. Aniztasun funtzionala duten pertsonek Sexualitatea eta afektibitatea nola bizitzen duten azaldu zien Trantsizio Gelako familiei eta profesionalei. Trantsizio gelan hain zuzen ere, aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten dugu ikastolan, helburu nagusiak beraien integrazioa eta autonomia lantzea direlarik.

Jose Luis Garciaren ustetan, sexualitatea eta afektibitatearen lanketa, gai oso konplexua da, bai familia, aditu eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzat ere. Hain zuzen ere, historian zehar gai honi ez zaio behar bezalako garrantzirik eman, hainbat kasutan gaiari entzungor eginez edota gaiari buruz hitz egitea debekatuz. Bere ustez, gaur egungo gizarte ereduak, sexualitatea talde sozial batzuei bakarrik zuzenduriko pribilegiotzat dauka. Eta bestalde, guraso edo legezko tutoreen gehiegizko babesak, sexualitatea bizitzeko aukera baldintza dezake.

Hala ere, hezkuntzaren helburu nagusia ahalik eta bizitza independenteena ahalbidetzea den heinean, aniztasun funtzionala duten pertsonak beraien erabakiak hartzera, arriskatzera, beraien buruan sinestera… bultzatu behar ditugu. Eta testuinguru honetan, kontuan hartu behar da, beraiek ere sentitzeko, maitatuak izateko, lagunak izateko, maitemintzeko… beharra dutela.

Jose Luisen ustetan,  familien kezka nagusiak ondorengoak izaten dira: sexu abusuak, bapateko haurdunaldiak, IESaren transmisioa… Eta kezka hauen ondorioz, familia askok beraien seme alaben askatasun sexual eta afektiboa murrizten dute, eta bidezkoa al da hau?

Testuinguru honetan, Jose Luisek familiak formatzeko beharra ikusten du. Beraien beldur eta aurreiritziak gainditu eta seme alabak izaki sexudunak direla eta behar sexual eta afektiboak dituztela onartu behar dute lehenik eta behin. Eta ondoren, bere seme alabei beraien erabakiak hartzen laguntzeko.