Urtarrilaren 11n Bilbon egin zen mobilizazio erraldoiari begira hasi dugu urtea. Izan ere, badakigu, urteroko zita honek aurrera egiteko indarra ematen digula. Oztopo guztien gainetik, argi dugu, bertan bildutako jendetzak euskal preso politikoen eskubideen defentsaren aldarria egin zuela.
2013a amaitu da, baina urte honetan ere ikusi dugu gure senide eta lagunen egoera ez dela inondik inora aldatu, hobetu. Eta 197/2006 doktrinaren indargabetzearen ostean, ikusi ahal izan dugu espetxeetan euren eskubideak urratuak izaten diren arren, zegokien zigorra baino luzeagoa beteta ere espetxetik atera eta euren eskubideak urratzen jarraitu dutela eta are gehiago, eraso hauek senide eta lagunok ere pairatu ditugula. Gure eskubideak ere guztiz zapalduz.
Frantziako estatuan, bizi osorako espetxe zigorrari dagokionez, ez da urte kopuru maximorik eta biziarteko zigorrera kondenatua den preso batek baldintzapeko askatasuna eska dezake 15 urteren buruan. Baina, erabakia kondenen aplikapenen epaiaren esku dago, eta honek etengabe uka dezake. Honetaz gain, Poitiers-eko espetxean eskubide urraketa larriak ematen dira emakumeen moduluan, egunez zein gauez bi orduro zenbaketa egiten diete, gauez argia piztu, etengabeko soinuak …. Egoera honen aurrean protesta egiteagatik bi euskal preso isolamendura eraman zituzten abenduan.
Bestalde, Juan Ramon Karasatorreri dagokionez, behin betiko estraditatua izan da estatu frantsesean bere zigorra bete ondoren, gaur egun Soto del Realen dago. Baina, berri pozgarriak ere baditugu, Poxtiña eta Bautista gure artean aske daude! Ongi etorri bikote!