Mediku txostenek diotenaren arabera, bapateko heriotza naturala izan da. Azken momentuan, ia konturatu ere egin gabe, sufrimendu keinurik gabe hil dela onar genezake agian, baina ez bapateko heriotza izan denik, 13 urte luze hauetan erahil baitute krudelkeria neurtu eta sistematizatu baten bitartez. Arkaitzen espetxealdia ezagututa aldiz ezin dugu onartu bere heriotza naturala denik.
Espetxe politika gogorraren ondorioz bizitako etengabeko sufrimendu eta tentsioak heriotza honen erantzule nagusiak izan dira. Atxilotu zuten momentuan torturak jasan zituen. Handik hiru urtera, epaiketan fiskalak bere froga zuzenik ez zela aitortu arren, kondenatu egin zuten, leporatzen zizkioten ekintzekin inongo proportziorik ez zuen kondena luze eta neurrigabeko batera.
Kartzela aldian, dispertsioaren politika gogorra jasan zuen, urtetik urtera etxetik gero eta urrunago egonaz. Gurasoak bera bisitatzera joan eta errepidean istripu larri bat izan zuten eta horren ondorioak ere pairatu behar izan zituen. Gainera, espetxean pasatako denboraren zati handi bat isolatuta egon zen kideen babesa eta laguntasunik gabe.
Guk badakigu horrek denak hil duela Arkaitz. Kartzela politika krudel eta hiltzaile baten ondorio zuzena izan da gertatu dena, ez edozeini gerta dakioken zerbait. Kasualitatea baino kausalitatea izan da.
Azkenik, senitarteko eta lagun guztiei besarkada sentituena helarazi nahi genieke.
Arkaitz gogoan zaitugu!