Itzalpetik

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2014ko uzt. 4a, 06:00

Udako solstizioa iritsi zaigu eta horren lekuko izan dira gure herrietan izan ditugun ospakizunak. Su inguruan salto eta algara ibili gara urteko sasoi berria ospatuz. Horrekin batera, asko eta asko gure oporraldian pentsatzen hasiak gara, non pasako ditugun oporrak, nora joango garen, zenbat kilometro egingo ditugun … Baina, zoritxarrez bidaiak beti ez dira aisialdirako izaten, askotan ezin dugu erabaki zer egin nahi dugun edo nora joan nahi dugun. Ongi dakigu gutako askok; urte osoan zehar ere milaka kilometro egin behar izaten ditugu gure senide eta lagunak espainiar eta frantziar estatuko kartzeletan bisitatzeko. Gutako askok ere, oporrak horren arabera moldatu behar izaten ditugu eta maite ditugun horiek aurkitzen diren lekuaren arabera egin behar izaten dugu bidaia.

Hilabete honetako berriei erreparatuta ere, dispertsioak dituen ondorioak direla eta, berri larriak zabaldu beharrean gaude: hilabete honetan, espetxeetara bidean, bi Euskal Preso Politikoren senitartekoek auto istripuak izan dituzte errepideetan. Istripu hauekin, urte honetan jadanik bost izan dira kartzeletako dispertsioak eragin dituen ordainak. Horrelako gertakariek agerian uzten dute, berriro ere, sakabanaketak senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendua.

Beste aldetik, gaixorik ditugun Euskal Preso Politikoen inguruan ere berri txarrak eman beharrean gaude. Batetik, Ventura Tome Tafallarrak hirurogei urterekin bi minbizi pasa ditu urte bakar batean. Murtzia I-eko espetxean dispertsatuta dago, etxetik 700 kilometrotara. Iritsi zaizkigun azken berrien arabera, erradioterapia eskuburdinekin eman diote, horrek dakartzan arriskuekin.

Ibon Iparragirre ondarrutarraren egoera ere oso kezkagarria da. 2011-ko urriaz geroztik espetxealdia bere etxean ari zen betetzen, segurtasun neurri zorrotzekin. Martxoan atxilotu zuten berriz eta Basauriko espetxera eraman. Handik Navalcarnerora urrundu zuten apirilean eta okerrera egin du bere egoerak. Ihesa C fasean dauka. Horrek maila kognitiboan eragiten dio. Horrelako egoeran egonda, espetxean erasoak jasaten ditu eta bakartu egin dute.

Egoera oso larrian dituzte gure presoak. Egoera honen aurrean kalera atera beharrean gaude, denon indarra beharrezkoa da. Gure herrietako jaietan ere borroka dezagun maite ditugun horien alde! Etxean eta aske nahi ditugulako!