Ez dugu ezer berririk esaten Estatu espainol eta frantsesean legea betearazi beharko lukeenak berak legeak urratzen dituela esaten badugu. Eta ez dugu ezer berririk esaten esaten badugu, gure senitarteko presoen kasuan, lege-hauste eta eskubide-urraketa horiek egunerokoak direla.
Baina, errepresio horren azken helburuetako bat da lege-hauste horien kontrako salaketak isilaraztea eta salatzaileak kriminalizatzea, berdin dio horretarako lege-haustea lege bihurtu behar badu ere. Bada ETXERATen helburuetako bat da gure senitartekoek bereziki, eta gizarteak orokorrean, jasaten dituzten bizi baldintzak eta erasoak salatzea euskal gizartearen aurrean.
ta horretara gatozkizue, zoritxarrez, beste behin ere, Estatu horien politika ankerraren azken bi gertakarien berri ematera eta salatzera. Batetik, Joxe Migel Etxeandiari psikologoaren bisita galarazi izana Topasko espetxean (Salamanca); eta, bestetik, Nagore Mujika senidearen atxiloketa Villenako espetxean (Alacant).
Bi hilero bezala, Jose Miguel Etxeandiak eta bere psikologoak elkarrekin terapia saio bat egiteko eskaria egin zuten hiru asteko aurrerapenarekin. Irailaren 21ean psikologoak espetxeko bidea hartu zuen, baina baimena jakinarazi ez ziotenez, bidaia erdian Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen. Hilaren 22an, berriz, "segurtasun" taldeko kide batek psikologoari bisita onartua zegoela jakinarazi zion eta, presoari 19an komunikatu zitzaiola idatziz; ez hori bakarrik, gainera, psikologoari leporatzen diote bisitara agertu ez izana; izan ere, gerora jakin denez,13:00ak aldera funtzionario batek presoari bisita baimendua zuela esaten zuen kopia bat erakutsi zion; baimen agiriaren data 19koa zen.
Guardia Zibilak Nagore Mujika, euskal preso politiko baten senidea, atxilotu du bere sei urteko alabarekin Euskal Herritik 700 bat kilometrotara zegoenean. Justifika ezina da epaile baten zitazioaren izenean pertsona bat atxilotzea, epailearen aurrean aurkezteko komunikatzearekin nahikoa zenean, are gehiago duela 22 urteko zerbaiten harira izanik. Asteburuan izateak, gainera, bi egun polizia etxean pasatzera behartu du Mujika, eta umea hau guztia bizitzera.
Etxerat elkartetik senideen kontrako jazarpena berehalakoan bukatzea exijitzen dugu.