Zigor kodearen erreformaren bidez Espainiako Gobernuak biziarteko kartzela-zigorra ezarri du. Beste behin ere euskal presoen kartzela aldia luzatzeko asmoarekin eginiko mugimendua izan da. Baina, honenbeste urteetan momentuko gobernuaren esanetara egon diren epaile batzuk ere matxinatzen hasiak dira jadanik. Goreneko 13 epailek idazki baten bidez protesta egin dute Espainiako Gobernuak erabaki judizialetan eskua sartzen duelakoan.
Epaile horiek, nonbait, orain ohartu dira urteetan ohikoa izan den esku-sartzeaz, eta Parot dotrinarekin gertatu zen bezala, euskal presoekiko auzi baten ondorioa izan da: Auzitegi Nazionalak Santiago Arrospide eta Alberto Plazaola askatzeko hartu zuen erabakiaren kontra Espainiako barne ministroak egin dituen adierazpenak. Auzitegi Nazionalak Europako Legeak ezartzen duena aplikatu besterik ez du egin, eta horrek urduri jartzen ditu kontrako bidetik doan gobernuaren kideak.
Nazioarteko presioa areagotzen den heinean, gero eta gehiago izanen dira disidentziak Estatuko aparatuan, eta epaile horien protesta egoera berri bati egokitzen hasteko mugimendua izan daiteke. Agian Europako legeak behartuta hartu zuen Auzitegiak erabakia; baina, edozein modutan, erabaki horiek garrantzitsuak dira preso askori eragiten baitiete; izan ere, asko dira kondena luzeak bukatzen ari diren presoak eta asko ere espetxean hogeita hamar urte betetzeko muga horretan aurkitzen direnak.
Urtarrilaren 10ean, “Euskal Herrira now, orain, maintenant, ahora” lelopean egingo da manifestazioa Bilbon. Leloak berak nazioartera begira jartzen gaitu. Nazioartea guri begira izanen dugu. Zu ere behar zaitugu Bilboko kaleak betetzeko.
Etxerat