Sakabanaketa eta urruntzea euskal presoei ezarri baino lehen, politika hori bultzatu zuten alderdiek bazekizkiten presoendako eta haien senideendako ekarri behar zituen ondorioak, besteak beste, alderdi horiexetako militante askok zigor hori beren larruan jasan baitzuten frankismoaren garaian. Orduan eta orain, sakabanaketak helburu politikoa izan du beti; izan ere, jakinaren gainean senideak sufritzen ikustea norberaren oinazea bera baino are mingarriagoa izan daitekeela, senideen sufrimenduaren bidez presoek amore ematea bilatzen dute.
Joan zen astean, Etxerat Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batekin bildu zen, Urkullu lehendakaria buru zela. Bilera horretan, hogeita bost urte hauetan euskal presoen urruntzeak haien senideengan izan duen eragina izan zuten hizpide. Jaurlaritzarekin egin duen lehendabiziko bilera horretatik konpromiso batekin atera da senideen ordezkaritza, sakabanaketa amaitu eta senideen sufrimendua aitor dadila hain zuzen ere. Arestian esandakoa kontuan harturik, baldin eta hasieratik senideak sakabanaketa politika horren kaltetu zuzena izanen liratekeela bazekiten, senideen mina aitortzearekin batera, min hori eragin izanaren erantzukizuna ere bere gain hartu beharko lukete alderdi horiek.
Aste honetan Etxeratek hegoari begira iparrera jo du, Bruselara, Europako parlamentuan eta beste erakunde batzuetan egoera salatu eta babesa bilatzera. Euskal Herriko egoera politikoa guztiz aldatu den honetan, Madrilgo Gobernuak bere horretan jarraitzeko asmoa duela gogorarazi zigun berriz ere joan zen astean bertan. Espainiako Estatuaren makineria juridiko-politikoak sistematikoki urratzen ditu gure senideen eskubideak, eta berdin dio horretarako Europako legedia bera urratu behar badu ere, espetxealdiak luzatzeko azken epaiekin erakutsi digun bezala. Lehendik argi ez bazegoen, hegoa iparraren beste muturrean dago.