Joan zen igandean Etxeraten XIV. Nazio Batzarra egin genuen. 500 lagundik gora bildu ginen Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok elkarri berotasuna eta maitasuna emanez, bidean aurrera indarturik egiteko.
Batzar hau ezohikoa izan da, bai senideon asistentzia aldetik, baita eragile ezberdinek erakutsi diguten babes aldetik. Baina, ezohikoa ere testuinguru berezi batean etortzen delako, urte hau bereziki latza izaten ari baita guretako eta gure ingurukoendako.
Alde batetik, argi dago gure senide presoei min emateko zigortuak garen senide eta lagunak garela. Dispertsio politika anker horren alderdi mingarrienak kolpatu gaitu beste behin ere; aurten hilabeteko istripu bana izan dugu apirila bitartean. Historiak ezingo du zalantzan jarri gure sufrimenduaren aitortza. Errelato horretan, dispertsioak eraildako hamasei lagun ditugu.
Beste alde batetik, presoekiko elkartasuna eta haien eskubideak betearazteko babesa kriminalizatzeko saioa izan da. Besteak beste, sakabanaketa eta gaixo dauden presoen egoera salatzeko gure ahotsa Europara eraman zutenetako baten atxiloketa, abokatuen atxiloketa eta horren harira deklaratzeko azken aste hauetan egin dituzten zitazioak. Gure senide presoen bi funtsezko oinarri deuseztatu nahi izan dituzte: defentsa juridikoa eta osasungintza.
Gobernu espainol eta frantsesak darabilten giza eskubideen urraketa sistematikoen aurkako ahots kritiko eta deserosoa gara. Horren adibide bat besterik ez da Nazio Batuen Torturaren Aurkako Komiteak presoen egoeraz eta sakabanaketaz erakutsi duen kezka. Batzar honek bide egokian ari garela erakutsi digu.Sakabanaketaren bukaeraren hasiera marrazten ari gara.