Nori ez zaio gertatu noizbait tren geltokian, bi tren parez pare geldirik eta horietako batean egonik, halako batean kontrako norabidean doan trena abiatu, eta, norbera dagoen trena geldirik egonik ere, mugitzen hasi dela sentitu.
Euskal Herriko bakegintza prozesuari dagokionez ere, batzuei antzeko zerbait gertatzen omen zaie; izan ere, haiek mugitu ez eta urkoari eskatzen diote behin eta berriz mugimenduak egiteko edo azkartzeko.
Horrelakorik ez gertatzeko modu bakarra dago, ikuspegia galdu gabe, norbera doan edo joan nahi duen norabidea argi izatea. Horren adibide bat da egin berri den Parisko Bake Konferentzia.
Norabidea, bakea lortzea; ikuspegia, gatazkaren bi aldeetara. Eskakizun nagusiak lau dira, ETAren armagabetzea burura eramatea eta Frantziako eta Espainiako gobernuek hori modu adostu eta kontrolatuan eginen dela bermatuko duen espazio egokia; biktima guztien aitortza, kalte ordaina eta asistentzia eskuratzeko pisuzko neurriak; espainiar eta frantziar estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean inplikatzea; eta, guri dagokigunez, zentzuzko epeak errespetatuz sortuko litzatekeen askatze prozesu batean, familien onurarako izanen den hurbiltze eta elkartze prozesu baten bidez euskal presoen dispertsioa amaitzea.
Maiatzeko hauteskundeen ondoren, agertu den eszenatoki politiko berria esperantzagarria da askorendako. Alderdikerien, protagonismo egarrien eta interes politikoen gainetik, eta norberak egiten ez duena urkoari eskatu gabe, karguak hartu berri dituzten hautetsiei eskatzen diegu herri honek nahi eta behar duen konponbidearen trena azkarrago mugiarazteko neurriak har ditzatela.