Elkartasun aukerak

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2015ko abe. 11a, 08:00

Etxeraten, euskal preso eta iheslari politikoei ahotsa ematen diegu, bizi duten errealitate gordina lau haizetara zabaldu eta haien eskubideen kontrako urraketak salatzen ditugu. Paradoxikoki lan horrek berak utzi gaitu pairatzen dugun egoera ekonomiko larrian, hain zuzen ere, ahots hori isilarazi eta legez kanpo nahi gaituztenek gure elkartearen eta senideen ekonomia ito nahi baitute instituzioen diru-laguntzak blokeatuz eta isunen bidez.

Gaur egun, elkartearen diru-iturri nagusia bazkideen kuota da, gehienbat preso eta iheslarien senide eta lagunek ordaintzen dutena. Kontuan hartzen badugu hainbeste urtetako dispertsioak ekarri dien diru-galera izugarria, argi dago ezin zaiela esfortzu handiagorik eskatu. Beraz, Etxeraten jarduna ziurtatzeko, une honetan helburu nagusia dirua biltzea da abian jarri dugun Etxerat Lagun kanpainaren bitartez. Hainbat bide dituzu Etxerat diruz laguntzeko. Esku-orria on-line betez, berau inprimatu eta posta arruntaz bidaliz, edota etxeratlagun@etxerat.info emailean zein 646 02 88 84 telefonoan gurekin harremanetan jarriz.

Dispertsioaren zama arintzeko laguntza guztiak eskergarriak badira ere, argi dago dispertsioaren kontrako irtenbiderik onena dispertsioaren amaiera dela. Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna zela-eta, Etxeratek giza kateak antolatu zituen Baionan, Gasteizen eta Iruñean, Dispertsioari Stop leloarekin. Dispertsioari ezetz esateko beste aukera bat abenduaren 20an izanen dugu hautestontzietan dispertsio politika sustengatzen duten alderdien kontrako bozka emanez. Eta urtarrilaren 9an ere aukera paregabea izanen dugu, Bilboko kaleetan,  milaka lagun elkartuz, dispertsioaren kontrako ahotsa ozen entzunarazteko.
Dispertsioaren kontra, ez galdu aukera bakar bat ere!