Xochitl, Izar, Amets, Haize, Xiberu. Izena dute, eta Etxarriko preso politikoen seme-alabak dira. Euskal Herriko beste haur askok bezala, espetxean ezagutu dute beren aita; edo, beste era batera esanda, ez dute sekula beren aita etxean ikusi. Txiki-txikitatik, haien lagunak jolasten edo atsedena hartzen ari diren bitartean, milaka kilometroko bidaia amaiezinak egitera kondenatuak izan dira, horrek dakarren neke eta arriskuarekin.
Haiek dira Espainiako eta Frantziako estatuen dispertsio eta urruntze politika pairatzen dutenen aurpegirik errugabeena eta babesgabeena.
Eta espetxe politika horren alderdirik ilun eta ezkutuena, gutxitan aipatua, politika hori bera diseinatu eta diseinatzen ari diren psikologoena da. Izan ere, estatu aparatuaren soldatapeko morroiak dira, gau eta egun presoen eta haien ingurukoen jokaera aztertzen ari direnak, haien senideen oinazearen bidez presoak txikitu eta makurraraziko dituztelakoan, zigorra eta tortura eraginkorrago eta are mingarriago izan dadin.
Beste aldean, beste psikologo talde bat. “Dispertsioaren haurrak, Espetxe politikaren alderik ilunena” dosier interesgarria prestatu dute (http://www.etxerat.eus/index.php/eu/txostenak/dosieres-eu helbidean dago ikusgai). Bertan, espetxe politika horrek euskal preso politikoen seme-alabei nola eragiten dien aztertzeko ikerketa baten emaitzak jorratzen dituzte. Ez dugu ahaztu behar espetxe politika hori psikologo batzuek diseinatu, politiko batzuek erabaki, eta epaile batzuek betearazi dutela, denak adinez nagusiak, jakinaren gainean adinez txikikoek eta nerabeek ere jasan behar izaten dituztela haren ondorio lazgarriak.
Hona hemen txostenaren hasieran egiten dituzten galderak, denok ere horren inguruko gogoeta egin dezagun: Zer interes eduki dezake gobernu batek ehunka haur eta adin txikikoren eskubideak ukatzeko? Zer interes eduki dezake gobernu batek haurren bizitzak arriskuan jartzeko? Zer interes eduki dezake gizarte batek eskubide horien ukazioa zuritzeko?