Zergatik ote?

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2016ko abe. 23a, 08:03

kolaboratzaileak

Granadan preso diren euskal preso politikoen senideen Mirentxin furgonetak sabotajea jasan zuen asteburuan senideak bisitan zirela. Bisitatik ateratzerakoan espetxeko esparru barruan zegoen furgonetako gurpilak zulatuta topatu zituzten. Esparru hau Guardia Zibilaren zaintzapean egoten dela azpimarratu beharra dago.

Furgonetan bidaiatu zuten senideek ez dute baztertzen gertatutakoarengatik salaketa jartzea.
Bestalde, Huelvara zihoan furgonetak Guardia Zibilaren kontrol zorrotza pairatu zuen. Ibilgailua Guardia Zibilaren patruila bat zegoen gasolindegi batean geratu zen, eta, ondoren, senideek bideari berriz ekin ziotenean, patruila bera errepidean gurutzatu zitzaien, eta gelditzera behartu zuten.

Hainbat minutuz, bertan bidaiatzen zuten 5 senideek eta bi gidariek ibilgailuaren barnean geratu behar izan dute. Ondoren, beste patruila bat iritsi eta katxeo zorrotz bat egin zien, bai pertsonei zein bakoitzak zeramatzan gauzei. Ordu eta erdi iraun zuen kontrolak.

Senideen artean ezinegona eta beldurra sortzea beste helbururik ez duten gertaera hauek salatu nahi ditu Etxeratek, azken asteetan areagotzen ari direnak. Bidaia inposatuak zailtzeaz gain, errepideko arriskuak areagotzen ditu honek, urduritasun eta tentsio baldintzetan egitera behartzen dutelako.

Astebururo, euskal preso politikoen senide eta lagunak Espainia eta Frantziako estatuen geografia osoan barrena ibiltzera behartuta daude, eta, trafiko istripuen arriskuaz gainera, bestelako “istripu” horiek topatzeko arriskua izaten dute. Ez dago galdetu beharrik nork eragiten dituen istripu batzuk zein besteak. Zigorgabetasun osoz jokatzen dute, eta gertaera hauek ez dira Auzitegi Nazionalera iristen. Zergatik ote?
Sakanako ETXERAT