Sanpedro eta Arakamaren senide eta lagunen autoek ez zuten errepide horietan egon behar

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2017ko ots. 17a, 08:17

kolaboratzaileak

Etxerat elkartetik salatu nahi dugu, presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren, bidaia luze bezain arriskutsuak egitera behartuta izaten direla astebururo ehunka euskal herritar, preso politikoen lagun eta senideak. 16 hildako eta hainbat zauritu suertatu dira espetxeetarako nahitaezko bidaia luzeetan.
Urteko lehenbiziko bi auto istripu gertatu dira joan den asteburuan.

Batetik, Jaenen preso dagoen Premin Sanpedro euskal preso politikoaren bi anaiak eta gurasoek auto istripu bat jasan zuten larunbatean, Jaengo espetxera (800 km) asteburuko bisita egitera zihoazela. Aranda de Duerotik gertu gertatu da ezbeharra, aurretik zihoan kamioiaren gurpila lehertu ondoren, errepidean gelditu den gurpil zatiaren kontra jo zuten.

Bestetik, Sevillan, etxetik 882 kilometrora preso dagoen Iñaki Arakama euskal preso politikoaren iloba, bere mutil-laguna eta hirugarren lagun batek auto istripua jasan zuten larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, Bejaren, Salamancan, asteburuko bisita egin eta etxera bueltarako bidaian.

Autobidean txakur bat harrapatu ondoren, bolante-kolpeak jo behar izan zituzten kotxea bidetik ez ateratzeko eta, azkenik, hesia kolpatu ostean autoa gelditzea lortu zuten.

Astebururo ehunka senide eta lagunek istripuak sufritzeko arriskua izaten dute espetxeetarako bidean eta hori onartezina da. Kotxe horiek, Sanpedro eta Arakamaren senide eta lagunen autoek ez zuten errepide horietan egon behar. Hori da Etxeratek azpimarratu nahi duena. 28 urte beteko dira giza eskubideak urratzen  dituen urruntzea aplikatzen hasi zirenetik eta guri, presoen senide eta gertukoei, astero bidaia luze eta arriskutsuak egitera behartzen gaitu. Nahikoa da!

Mendekuan oinarritutako espetxe politikan aplikatzen diren salbuespen neurriak bere horretan mantentzen dituzte eta azkenaldian argitaratutako auto judizialek ez dute aldaketarik ekarri. Batzuen aldetik egindako irakurketa interesatuak alde batera utzita, euskal preso eta haien senide eta lagunei kalte egitea dute helburu.

Horregatik, euskal gizartearengan konfiantza osoa dugu salbuespeneko neurri horiek bertan behera gelditzea lortuko duela. Euskal Herria gai izango da, Espainiar zein Frantziar Gobernuek inposatzen duten mendeku estrategiaren gainetik, giza eskubideak errespetarazteko.

Sakanako Etxerat