Mugimendua ibiliz erakutsi behar denez…

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2017ko mar. 24a, 09:45

kolaboratzaileak

Astebururo ehunka lagunek ibili behar izaten dute Frantzia eta Espainiako estatuetako errepideetan barna, haien senide eta lagunei minutu gutxiko bisitetan haien maitasuna eta elkartasuna adierazteko. Exodo hori betiko bukatzeko erronka aspaldikoa da, baina bidaia luze horren bukaera inoiz baino gertuago ikusten dugun honetan, Etxerat etengabeko mugimenduan ari da urteko lehen hilabete hauetan.

Etxetik hasita, Euskal preso politikoak Euskal Herriratzea eta eritasun larriak edo sendaezinak dituzten presoak askatzea helburu, Hego Euskal Herriko eragile sozial eta politiko gehienekin (PP eta UPN salbu) elkarrizketatu dira Etxerateko ordezkariak. Jakinarazi dutenez, elkarrizketa horietan agerian gelditu da gai horren inguruan ia erabateko adostasuna dagoela.  

Bestalde, Etxerat Elkarteko delegazio bat Suitza eta Alemaniara abiatu zen joan zen astean, alderdi politiko zein giza eskubideen defentsan ari diren elkarteekin elkarrizketatzeko. Espainiar eta frantziar estatuek eskubideen urraketak mantendu nahian baliatzen duten blokeoa gainditzea dugu jardueraren helburua, eta bereziki, urraketa horien ondorioak azaltzea, alegia, ondorio lazgarrienetako bat, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoen egoera.

Bidenabar, Nekane Txapartegi euskal preso politikoa bisitatu zuten Zuricheko espetxean. Nekane Txapartegiren kasuan, tratu txarrak eta torturak ikertzeko Istanbuleko Protokoloa lantzen ari direla baieztatu zuten PSSko ordezkariek. Torturaren Aurkako Mundu Erakundeko (OMCT) arduradun batekin ere bildu da Etxerat. Erakunde honek Txapartegi ez Espainiaratzeko eskatu zion Suitzako Gobernuari bere momentuan, hura Espainiako justiziaren esku uzteko eskaerak «torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako epai batean» duelako abiapuntua.

Tortura sistematiko horien testigantza luze eta zabala izan dugu Sandra Barrenetxearen ahotik joan zen asteko epaiketan. Bere adierazpen zirraragarrien bitartez beste behin ere atxilo aldian nagusi izan eta izaten den inpunitatea izan dugu hizpide; epaiak erakutsiko du zigorgabetasun horrek “justizian” ere jarraipena duen, baina argi dago torturen zigorgabetasuna, euskal presoen urruntzea eta preso gaixoen kaleratzea lortuko badugu etxean eta kanpoan gure mugimenduak areagotu beharko ditugula.