Errepikatzen ez utzi

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2017ko mai. 5a, 08:15

kolaboratzaileak

Oier Gomez eta bere ingurukoak pairatzen ari diren muturreko egoera ezin da berriz errepikatzen utzi eta, horrenbestez, ezinbestekoa da gaixorik dauden presoen askatasuna eta gainontzeko presoak lehenbailehen Euskal Herrira ekartzea. Egun eri dauden 12 euskal presoek kalean egon beharko lukete Oier bezala, euren eritasuna duintasun osoz tratatzeko eskubide osoarekin. Ezin da Oier Gomezi gertatu zaiona berriz errepikatzen utzi eta, horretarako, presoen afera desblokeatzeko garaia da, larri eri diren presoak askatzeko garaia da.

Begi onez hartzen dugu Oier Gomezen aurkako zigorraren ezeztapena zein euroaginduak bertan behera geratzea, baina irmoki azpimarratzen dugu Oierri ez diotela ezer oparitu. Minbizia oso larria du preso gasteiztarrak, sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote eta momentu honetan Oier bakarrik aurkitzen da, urrutiratua. Bakarrik bere eritasunaren aurka borrokatzeko. Egoera honen aurrean, Oier bere senideengadik hurbil egon daitekeen ospitale baten izatea eta tratamendua duintasun osoz jasotzea exijitzen dugu.

Bide horretan, ongi baloratu behar da frantziar epaitegiek euroaginduen kasuan eta zigorraren ezeztapenean kontuan hartu dituzten argudioak. Ebazpen horiek emateko Euskal Herrian ireki den aro berria azpimarratzen dute, ETA erakundearen armagabetzea eta, baita, Euskal Herriko gizarte zibilaren aldarri nagusiak. Euskal gizarteak bake prozesua muturreraino eramatea erabaki duen momentuan, itxaropenari ateak zabalduz, ezin dugu inolaz gehiago errepikatzen utzi Oier Gomez eta bere senide eta lagunek pairatzen ari diren sufrikarioa.

Gertu-gertutik bizi izan dugu Sakanan egoera hori, duela 24 urte Pello Mariñelarena eritasun larri bat izanda soilik hil zorian zegoela atera baitzuten espetxetik ospitale batera. Urtero bezala, heldu den asteburuan Pello gogoratzeko ekitaldia eginen dugu, eta aukera ezin hobea izanen dugu eskatzeko eri dauden euskal preso guztiak berandu baino lehen etxean izan daitezen.

Berriz gerta ez dadin, etxean eta bizirik nahi ditugu!