Preso eta iheslayek etxien nahi ttugu

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Karasatorre Aldaz 2017ko ira. 29a, 08:03

kolaboratzaileak

Badakigu zeinen eskuetan dauden espetxeetako giltzak. Urteak daramatza espetxe politika anker honek. Gogor jo du gatazkak gure herrian. 40 urtetan gure herrian beti izan da preso politikoren bat edo beste, iheslari politikoren bat edo beste. Bat ez! Asko zoritxarrez!

Eta beti berdin esan genezake. Etsipen berean erori gaitezke. Zeinek du espetxeetako giltza?
Etsipen horren eraginez, askok ere pentsatuko dute ez dugula ezer egin orain arte, edo ez dugula ezer lortu azken finean; eta eginda ere, Estatuak  duela gure senitarteko eta lagunak kalera ateratzeko giltza. Etsipenaren zurrunbiloan sartzen gara.
Baina baditugu arrazoiak bestela pentsatzeko!

Urte luze hauetan bi hitz potolok egin izan gaitu indartsu. ELKARTASUNAK ETA MAITASUNAK. Eta indartsu egin behar gaitu orain ere!

Astebururo-astebururo batetik bestera doazen maitasun, konpromiso eta elkartasun uholdeak egin behar gaitu hemendik aurrea ere indartsu… Dueñasetik Castellora doana, Castellotik A Lamara, A Lamatik Curtisa, Curtisetik Puertora, Puertotik Saint Maurrera; eta Saint Maurretik Lannemezanera… Asier, Juan Ramon, Hodei, Luis, Unai, Jon Gurutz eta Oihanek sentitzen duten elkartasuna, maitasuna eta konpromisoak egiten gaitu gu ere, senide bezala, indartsu.

Elkartasuna, maitasuna eta preso eta iheslari guztiak etxeratzeko konpromisoa giltzaperatuko dituen giltzarik ez da oraindik asmatu!

Elkarbizitzan, benetako bakean eta gatazkaren konponbidean pausoak eman nahi dituen gizarte batek ezingo du etorkizunik marraztu, kartzelak eta erbestea euskal herritarrez beteak dauden bitartean… Larunbat honetan, Etxarrin, arratsaldeko 19:30ean beste zita bat dugu elkartasunarekin, maitasunarekin eta etxean nahi ditugun preso eta iheslariekin. Hutsik ez egin!