Juan Ramon Karasatorre Aldatz euskal preso etxarriarra isolamenduan dago duela 5 urte espainiar Estatuko espetxeetara eraman zutenez geroztik. Berarekin batera, Albocasserko (Castelló) espetxean Harriet Iragi dago, eta 17 urte daramatza isolamenduan.
Espetxe barneko arauen arabera, isolamendua salbuespen neurri bat da, besteak beste, bizikidetza arazoak sortzen dituzten presoendako edo santzioen zigorra betetzeko; teorian, presoa ezin da jarraian hamalau egun baino gehiago egon isolaturik. Hala ere, jakin badakigu euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politika ere salbuespenezkoa dela, horretarako euren legea bera urratu behar badute ere.
Euskal presoei automatikoki aplikatzen zaie lehenengo gradua. Sakabanaketa gauzatzeko adina espetxe dago, baina ez dituzte denek lehenengo graduan egoteko baldintzak betetzen; hori ez zen espetxe instituzioendako oztoporik izan, ordea. Izan ere, holakoetan isolamenduko moduluak erabiltzen dituzte, eta isolamenduko eskubide murrizketa aplikatzen zaie hor dauden euskal presoei.
Eta zein dira isolamenduko bizi baldintzak? Juan Ramonen kasuan, eguneko 20 ordu ziegatik atera gabe ematen ditu, eta lau ordu patio txiki batean; ezin du espetxeko jardueretan parte hartu, beste presoek egin dezaketen bezala: kirol instalazioak, liburutegia, tailerrak… Ez du lan egiteko eskubiderik, eta, beraz, ez du kondena murrizteko aukerarik.
Ziegan oinarrizko gauzak izan ditzake, bakarrik, eta horiek ere oso kopuru txikietan; hala nola, arropa, liburuak, idazteko eta garbitzeko materiala. Adibide moduan esan daiteke bizarra kentzekoari plastikozko kiderra mozten diotela, arma arriskutsua balitz bezala. Bisitetan ikusten duen jendeaz aparte, pertsona gutxi batzuk ikus ditzake eta ezin dute inorekin hitz egin.
“20+4” ekimenarekin bat eginez, euskal preso askok pairatzen duten isolamenduko egoera salatu eta, zehazki, gure lagun eta senide Juan Ramon Karasatorreren egoeraz ohartarazi nahi dugu. Espainiar Estatuko gobernu berriak espetxe politika aldatu nahi baldin badu, badauka nondik hasi, bere legea betetzen hastea besterik ez dauka.