Euskal gizarteak 34 urte baino gehiago eman ditu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelakoan, euskal presoak ohiko bizilekutik, familietatik eta bizi-ingurunetik aparte egotera behartzen zituelako. Espetxe politika horrek min eta sufrimendu handia ekarri du.
Baina urruntze politika hori gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Ikusten dugunez, espetxe politikan arazo berriak daude, berezko botere politiko bilakatu diren fiskaltzak eta justizia auzitegiek sortutakoak.
Zigorra familiaren etxetik gertu betetzeko eskubidea onartu ondoren eta Euskal Herriko espetxeetan daudenez, gure ustez bukatu behar da politika hori, haien eskubideak errespetatuko lituzkeen espetxe jarduna eragozten duena.
Etxean nahi ditugu. ETXERA. Bai, etxera. Espetxe arloko legeek babesten duten eskakizuna da, ez baitute inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz.
Etxera bidea gertu, etxera itzultzeko bidea eta aukera izan behar da euskal presoentzat ez ezik erbesteratuentzat eta deportatuentzat ere.
Salatzen ditugu, beraz, beren togak mendekurako tresna bihurtu dituzten horiek, ederki asko dakitelako hartzen dituzten erabakiak legez kontrakoak direla, haiek diotenez defendatzen dituzten eta defendatu behar dituzten legeen kontrakoak.
12 urte baino gehiago igaro dira ETAk jardun armatua bukatzeko erabakia hartu zuenetik, eta bost urte desegitea erabaki zuenetik. Denbora nahikoa baino gehiago jarrerak eta legeak bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen zerbitzuan jar daitezen.
Horrexegatik, euskal gizarteari gure konpromisoa helarazi nahi diogu, bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lan egitekoa; horretarako, bukatu behar dira salbuespeneko jokaerak, ETAren jarduna bukatu eta urte askotara, oraindik, euskal presoen eskubideak urratzeko baliatzen direnak.
Helburu horiek lortzeko, kontsentsuetan sakontzeko konpromisoa ere hartzen dugu, arlo politikoan, sindikalean nahiz sozialean.
Uste dugu hori bera dela gure herriaren irrika bizia: bidegabea izanik denontzat mingarria den egoerari amaiera ematea.