hara zer dien

Presoak eta biktima GUZTIAK

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2025eko urriaren 13a

Saretik askotan azpimarratzen dugu konponbidea behar dugula konfrontazio sufrimendu urteek utzi dizkiguten ondorioetarako. Ondorio horiek konponduz, bakea eta elkarbizitza eraikitzen ari gara, pixkanaka.

Zoritxarrez, hemen, duela hamabost urte ETA praktikan desagertu bazen ere, ez da hartu indarkeria sufritu duten beste herrialde batzuetako eredua. Horrexegatik esaten dugu bakea motelago eraikitzen ari garela.

Oraindik motibazio politikoko 126 preso daude Euskal Herriko eta Frantziako kartzeletan. Preso horietako gehienek 20 urte baino gehiago daramatzate betetzen, eta dagoeneko hainbat dira 30 urtetik gora dituztenak. Horiez gain, 18 iheslari zein deportatu.

Euskal Presoen kolektiboa osatzen duten 109 presoetatik, 63 espetxeko bigarren graduan daude, 44 berriz hirugarren graduan. 35 dira legeak eskatzen duen zigorra betetzeagatik beren kondenak erregimen irekian bete ditzaketenak, eta horiei beste 11 gehituko litzaizkieke, 46 guztira, egoera berean egongo liratekeenak, Frantziako Estatuan betetako kondena zenbatzen bazaie (hala dio legeak, baina askotan oraindik ez dira iritsi), eta horietako asko gainera, kondena betetzeko ¾ parteak gainditzeagatik, baldintzapeko askatasunean egon litezke.

Horregatik esaten dugu Zigor Zuzenbidearen eta Espetxe Zuzenbidearen helburua ez dela bakarrik justizia ematea, baizik eta pertsona guztien eskubideak babestea ere, presoak barne, eskubideen subjektu diren aldetik.

Espetxe araudi arrunta aplikatzeak ez dakar biktimen duintasuna kaltetzea. Biktima guztiek dute memoria, egia, aitortza eta erreparazioa eskatu eta exijitzeko eskubidea.

Indarkeria guztiek utzitako ondorio txarren gaia ixteko, nahitaezkoa da zuzenbide estatuak berak erabilitako salbuespenak ere desagertzea. Horretan sakontzeko, eskubide urraketa guztiei heldu beharko diegu, mugarik ezarri gabe; indarkeriaren erabilerak eragin dituenaz hitz egin behar da, baina Estatuaren erantzunak sortutakoez ere bai.