Urte asko dira. Handia da sufrimendua, eta handia ere hainbat hamarkadetako konfrontazioan gertaturiko guztia ez ahazteko gizarte eta herri gisa dugun beharra; baita sufrimendu hori guztia errespetatuz aurrera egiteko beharra ere. Baina, aurrera egin gure historiaren aldi bat ixteko borondatearekin.
Biktimen atsekabeak errespetu eta errekonozimendua merezi du. Haien sufrimendua ezin da erlatibizatu ez politikoki erabili interes faltsuengatik, eta haien oroitzapenek etika publiko partekatuaren funtsezko zatia izan behar dute.
Pasa den urtarrilaren 10ean, Bilboko kaleetan, aukera izan genuen behar hori adierazteko, are gehiago euskal presoei salbuespeneko espetxe politika aplikatzen segitzen duten honetan. Botere legegile, judizial eta politikoek iraganean kokatzen jarraitu nahi gaituzte. Eta guk aski dela esaten diegu. Ezin dela gehiago luzatu.
Gaur egun, Euskal Herriko eta Frantziako lurralde administratiboko kartzeletan gelditzen diren 120 preso inguru horietatik asko espetxeko bigarren graduan daude, beste batzuek 100.2 artikulua aplikatuta dute, baina haietako askok 25 urte baino gehiago daramatzate askatasunaz gabetuta, ez baitiete oraindik aplikatu dagokien eskubide bat: espetxe baimenak, irteera programatuak edo progresioa hirugarren gradura.
Eta egoera hori gorabehera, baikorrak izan nahi dugu, eta aitortu nahi dugu azken hiru urteetan nabarmen aurreratu dugula. Amaiera eman genion urruntze politikari, zigorrak osorik lehen graduan betetzeari, bakartze ziegei..., baina orain espetxe politika arrunta eskatzea dagokigu, eta ziegetako ateak irekitzen joatea, haien bizitza berriz askatasunean hasi ahal izateko eskubidea dutelako.
Gauzak horrela, adinekoak eta gazteak, gizonak eta emakumeak, atxikipen ideologiko desberdinak alde batera utzita, demokratikoki erantzutera deituta geunden Bilboko kaleetan. Eta hala egin genuen.
Preso edo erbesteraturik gabeko Euskal Herria herriaren eskakizun bat da, mobilizatzeko gaitasun handia izan duena. Herriaren irabazien zerrendan apuntatu beharrekoa da gaitasun hori, baina eragile politiko, judizial eta instituzional baten baino gehiagoren zorren zerrendan ere bai.