Hara zer dien

Popi Etxera!

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2026ko maiatzaren 11

Larritasunez eta haserre hartzen dugu Juan Ramon Karasatorre Aldaz euskal presoa espetxera edo erregimen itxira bueltatzeko hartutako erabakia.

Larritzat jotzen dugu berriz ere beste oztopo eta atzera pauso bat delako, gatazkaren konponbide osoa aldarrikatzen ari garenontzat. Aurrera urratsak behar ditugulako elkarbizitzara bidean eta erabaki hau justu kontrako norabidean ematen da.

Erabaki honek agerian uzten du justiziarekin zerikusi gutxi duen erabakia dela, eta esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoetatik sustatutako mendekuarekin lotura handiagoa duela, zalantzarik gabe.

100.2 artikulua ulertu behar dugu bigarren eta hirugarren graduaren arteko modalitate bat bezala, presoa birgizarteratzeko tresna gisa. Horri gehitzen badiogu, Juan Ramonek espetxean betetako urteak jadanik 25 direla, are eta larriagoa da erabakia, ez ia bakarrik 100.2 artikulua atzera bota diotelako, baizik eta dagoeneko hirugarren graduan edo eta baldintzapeko askatasunean beharko lukeelako.

Hortaz, bidegabekeria izugarria dago erabaki hauen atzean…

Inongo oinarri juridikorik gabe hartu du erabakia epaileak.

Argi geratzen da gertatzen ari denak azken asteetan ematen ari diren gertaera batzuekin lotura zuzena duela, egia bada ere azken erabakia zaintza epaileak hartu duela, egia ere bada, pisu handia izan dutela zenbait alderdi, eragile eta komunikabideen bidez jarduten duten lobby-en presioek, eta euskal presoei neurri arruntak aplikatzea eragozteko egindako presioek. Oinarri juridikotik gutxi eta zarata eta egoera kakaztekotik asko.

Intentzionalitatea agerikoa da, guztiz oztopatzea abian dagoen prozesu oso bat. Bai presoek eta bai gizartearen gehiengo batek ere konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde hartutako erabakia pitzatu eta herri hau oraindik orain iraganean iltzatzeko nahia agerikoak dira.

Eraso berri honen aurrean, euskal gizarteari eskatzen diogu konponbidearen, bakearen eta bizikidetzaren aldeko urratsak ematen jarrai dezan; hori espetxe politika humanista baten bidez baino ezin da lortu, mendekutik urrun eta indarkeria guztien biktimei tratamendu duina emanez.