Aurtengo udan 12 urte dira Sare Herritarra sortu zenetik Donostiako San Telmo museoaren atarian. 12 urte hauek, dagoeneko gehiegi luzatu den eta gehiago luzatu ezin daitekeen auzi baten aurrean jartzen gaitu: Euskal preso, iheslari eta deportatuen auzian edota oraindik, aitortzarik jaso ez duten biktimen auziaren aurrean.
12 negu eta uda daramatzagu horrenbeste urtez horrenbeste sufrimendu eragin zuen auzi bati behin betiko konponbidea emateko garaia dela aldarrikatuz, eta aurtengo udan ere orain arteko bide beretik, auzoz auzo eta herriz herri arituko gara konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde lanean.
Ekainaren 6an Arrasateko Monterron parkean egin genuen agerraldi jendetsuan esan genuen moduan, Sare Herritarra ez zen betikotzeko jaio, baizik eta Sareren sorrera bultzatu zuten arrazoien konponbidea ahalik eta lasterren eskuratzeko. Aipatu genuen datozen hilabeteak erabakigarriak izango direla etxeratze prozesuari dagokionean eta Urtarrilaren 9ko manifestazioa azkena izatea nahi dugula, justuki, azkena izan beharko lukeelako.
Hala ere, aurtengo udan, orain arteko bidean berretsi eta orain 12 urte hartutako konpromisoak ekarri nahi ditugu gogora: lanean aritu gara, ari gara eta arituko gara euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria ezagutu arte eta horretarako, ezinbestekoa izango da datozen hilabeteetan ere etorkizunari begira urratsak ematen jarraitzea.
Urrats horiek ematen jarraitzearen ardura kolektiboa da, ezin dezakegu utzi ardura eta esfortzu guzti hori herritarren esku eta instituzioetatik zein alderdi, sindikatu eta eragileetatik ere ardura kolektibo horretatik jardun behar dugu lanean.
Aipatu dugu, gehiegi luzatu da jada eta ezin onartu dezakegu urte gehiagoz luzatzea dagoeneko sufrimendu izugarria eragin duen eta eragiten jarraitzen duen auzi baten konponbideak. Geltokiz geltoki ari gara igarotzen bidea, bide luzea, baina guk argi dugu: bada herri bat 2027.eko urtarrilaren 9an helmuga bat igaro nahi duena. Bada herri bat argi duena: 2027.eko urtarrilaren 9ko manifestazioak azkena izan beharko luke. Lortu dezagun guztion artean! Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!