Urtarrilaren 9an Bilbon egingo dugun manifestazio nazionalaren aurre lanketan murgildurik ditugularik herri eta auzoak, egun eta aste gorabeheratsuak bizi ditu konponbidea eskuratu asmo duen euskal preso, iheslari eta deportatuen auziak.
Ikusi ditugu azken aste eta egunetan, zaintza epaitegitik eta entzutegi nazionaletik, oinarri juridikorik ez duten eta mendekutik, zein erabaki politikoetatik gehiago duten errekurtso edo erabakiak. Egoera gertuen eta hobekien ezagutzen duten profesionalen erabakiei muzin eginaz 500 kilometrotara hartzen diren erabakiek, ez dute euskal gizartearen nahi eta beharretan islatzen den konponbidea oztopatu beste asmorik.
ETAk bere jarduera eten zuela 15 urte bete direnean, anakronikotzat jotzen ditugu azken asteetan jasotako errekurtso eta erregresioak. Sare Herritarretik eta Etxeratetik argi diogu: elkarbizitza agertokiak helburu, konponbidearen eta bakearen aldeko lanean eta neurrietan lerratzean berresten gara. Oinarri juridikorik gabe eta mendeku gosez hartzen diren erabakiek, euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren aurka hartzen dira.
Hauteskunde ziklo bete betean sartu garelarik jada, espainiar estatuko zein frantziar estatuko administrazioei arduraz jokatzeko deia egiten diegu, aurrerapausoen garaia da eta ez iraganeko agertokiak elikatzekoa. Hauteskundeen emaitza dena delarik ere, hamaika aldiz aldarrikatu du euskal gizarteak prest dagoela aurrera egiteko. Nahi hori errespetatzeaz gain, salbuespenean mantendu baino euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidean fokua jarriko duten instituzioen beharra da aldarrikatzen duguna.
Gizartearen kohesioa dugu aldarrikapenean berme, eta horretan jarraituko dugu datozen hilabeteetan ere. Helmuga diogunean ez gara sinbolikoki ari, helmuga diogunean, sufrimendua gainditu eta euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eskuratzeaz ari gara.