Errigoraren kutxa jaso nuen aurrekoan eta etxera eraman. Beste milaka pertsonek bezala, ilusioz eta produktu onez beteriko kutxa hartu nuenean, proiektu horrek daukan garrantzia oraindik guztiz ulertu gabe nuen. Kutxa irekitzeak beste dimentsio bat ematen dio ideiari.
Ez dakienarentzat: Errigora ekimena Erriberatik abiatutako ideia bat da. Bertako produktuak zuzenean saltzen dituzte, intermediariorik gabe. Modu horretan, beste kontsumo talde askotan egiten den bezala, elikadura burujabetzan sakontzen da, nekazari/produktore eta erosle/kontsumitzailearen artean lotura sendoagoa osatuz. Baina Errigorak badu plus bat: bertan jasotzen den diruaren zati bat Erriberan euskalgintza proiektuak bultzatzeko erabiltzen da. Erosketa, beraz, bikaina da, 2x1 handi bat.
Esandakoa, aurrekoan jaso nuen kutxa eta olio ekologikoaren etiketa irakurtzerakoan zirrara berezi bat sentitu nuen. Bi nekazarien izena agertzen den, euskaraz etiketatua, gazteleraz eta frantsesezko azalpenekin. Olibak euren lurretan ez ezik, inguruan dituzten beste nekazari batzuen lurretan ere hazi direla azaltzen dute, eta gero botilan sartu dutela bereziki euskarari putz egiteko proiektu hau egiteko.
Posible litzateke Errigorak izan duen arrakasta orain urte batzuk? Bai, posible liteke, baina agian izan duen boom horren, arrakastaren parte bat Interneten aurkitu behar dugu. Facebook eta Twitterretik jaso nuen proiektuaren berri, euren blogaren bidez informatu ginen. Asko izan gara galdetu dugunak, lagunei berbidali diegunak eta informazio sare oso handi bat sortu dugunak publizitate kanpaina klasiko baten prezioaren zati txiki baten truke.
Eta hurrengo urtean zer? Ba espero dezagun horrelako proiektuek aurrera egitea, Erriberan euskara indartzea garrantzitsua dela eta bertako nekazariek euskalgintza aliatu naturaltzat hartzea. Hori da, besteak beste, hegemonia sortzeko prozesu bat.