Bizi dugun krisi ideologikoan, non geroz eta gehiago diren “ez ezkerra ez eskuina” direla adierazten dutenak, erraz dute guztien artean integratu eta euren mezua zabaltzea.
Egun hauetan Ukrainan eskuin muturreko taldeen estatu-kolpe bat ari da garatzen. 15M edo Arabiar Udaberriekin gertatu bezala “ideologiarik gabeko protestak” direla saldu digute, baina argi dago ideologia finkorik ez duen masa horren atzean eta, batez ere, abangoardian, talde zehatzak daudela. Ukrainan talde naziek hartu dute aurre eta komunikabidetan (publikoetan zein ezkerreko hainbat komunikabidetan) ez da “detaile txiki” hori aipatzen. Protesta “demokrazia” edo “Europa gehiago” eskatzeko omen da, eta asko sakondu behar dugu errealitatean gertatzen ari dena ikusteko.
Lerro hauek idazten ari naizela Venezuelan ere milaka dira kalera aterako faxistak. Gainera Twitterra erabiltzen ari dira bertan gertatzen dena baino, gertatzea nahi luketena adierazteko. Unai Romano Venezuelan torturatua, Siriako gazte batzuk Venezuelan hil dira edo Kataluniako giza-katea Venezuelan gertatu ei da, Twitterreko iturri eskuindarren arabera. Hemen ideologiak nabarmenago badira ere, komunikabide sozialdemokrata batzuek ondo ezkutatzen dute Maduroren aurkako estatu-kolpe faxista dela.
Eta azkenik etxekoak. “Euskararen normalkuntza” aitzaki edo, euskarazko komunikabidetan iritzi xenofoboak irakurtzen ari naiz azken aldi honetan. Baita “abertzaletasunaren izenean” immigrazioaren aurka, langileriaren aurka edo ildo politiko ezkertiarren aurka egiten dutenena ere. Honek askoz gehiago kezkatzen nau, noski. Etxe barruan ditugun xenofobo eta faxista horiek gutxi edo asko diren ez dakit; zarata sartzen dutela baizik. Baina krisi egoera honetan antolatu “ez ezker ez eskuin” eremu bat eraman dezaketela uste dut. Hau da, finean, eskuin muturraren estrategia. Tamalez gurean ditugun hauek bozgorailua izan ohi dute, azken aldi honetan, euskarazko komunikabide batzuetan. Badakizue, “iritzi guztiak dira errespetagarri, euskaraz baldin badira.” Egunen batean eskuak burura eramango ditugu eta nahiago izango genuke guzti horiek espainolez idazten jarraituko balute.