Garai bitxietan bizi gara. Txikia nintzenean azken orduko albiste baten berri izateko irratia behar zenuen alboan, telebistak orduak behar zituelako irudiak eskuratu, editatu eta emateko. Askotan onena zen hurrengo eguneko egunkariari itxoitea, albistea ondo irakurri eta horren inguruan eztabaidatzeko. Gogoan ere badut institutuko garaietan nola goizero entzuten nuen Mariano Ferrer, prentsako albisteak irakurri eta aipatzen. Egunkariek markatzen zuten agenda, irratiek iritzia eta telebistek ematen ziguten irudia.
Ez da hainbeste denbora igaro eta egoera hau hankaz gora dago. Astelehena, 9:55. Twitterren irakurtzen dut Rajoyk urgentziazko adierazpen instituzionala egin behar zuela 10:30ean. Kotxea hartu eta lanera nindoala aipamenik ez irratian. 10:20, semaforo batean geldirik nagoela mezu bat iristen zait telefonora: Twitterren jarraitzen ditudan 16 pertsonek NAIZen txio baten bertsioa egin dute. Begiratu eta El Periodicoren arabera 10:30ean Rajoyk Juan Carlos I.a Espainiakoaren abdikazioa iragarriko zuela zioen. 10:28, lankide bat kotxean hartu eta bideari ekiten diogu, ez bainuen goiza bulegoan pasa behar. “Erregeak abdikatuko du”. “Noiz?”. “Bi minutu barru”. 10:30, irratian ezer berezirik ez, 10:32, zuzeneko konexioa, garrantzitsua den albistea eta 4 minutu lehenago bagenekiena.
11:10. EiTBko unitate mobila Eibarren dago (kasualitatez) eta herritarrei galdetzen die ea zer iruditzen zaien Espainiako erregearen abdikazioak. Bankuetan dauden jubilatuak dira. Inork ez du ezer ere entzun, normala denez. Kazetariak harrituta, jendeak ez dakielako zein den “eguneko albistea”. 35 minutu igaro dira albistea publikoa denetik, eta asko Twitter erabiltzera ohituta bagaude ere, jendartean gutxiengoa gara.
11:12. Lehen argazki montajea iritsi zait Whatsapp bidez.
Asteartea. Idatzizko egunkarietan albistearen berri eman da.
Ostirala. Guaixen nire erreflexioa irakurri duzu.