Harrigarria iruditu zait Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetan jarri dituen kartelen inguruan Nafarroako Gobernuak, bere inguruko medio ultra-zentratuek eta, tamalez, euren burua abertzaletzat duten batzuen aldetik ere. UPNren gobernuak duen obsesio identitariotik baino ezin da ulertu turismoa bulkatzeko diren kartel batzuen kontra egitea.
Askok pentsatuko duzue hitz egingo dudala Nafarroak Euskal Estatu baten eraikuntzan izan behar duen paper historiko eta zentralaren inguruan. Baina ez, gai hau askoz praktikoagoa da. Ez da historiagatik, ez da borroka identitarioagatik: gai ekonomiko bat da. Gipuzkoa izan da turismoan gorakadarik handiena izan duen herrialdea. Barne Produktu Gordinaren ehuneko gero eta handiagoa ematen du turismoak, eta hain txikia den herri batek lurralde ezberdinetako eskaintza egitea guztiz beharrezkoa da.
Horregatik iruditzen zait hain larria Gasteizko Gobernuak Alemanian Bizkaia bakarrik promozionatzea. Horregatik iruditzen zait hain beharrezkoa A8a hartuta Eibar baino lehenago Bizkaia promozionatzea. Edo Lapurdira iristen ari zarela Ipar Euskal Herria promozionatzea. Edo A15a hartuta Iruñeko gotorlekua, Aralar mendilerroa edo Plazaola bidea promozionatzea. Baina Nafarroan ez omen dute horrela ikusten. Eurek ordaintzen ez duten publizitate positiboa egitea ez omen zaie ideia ona iruditzen.
Eraikuntza nazionala turismoan egiteko garaian gaude. Udalbiltzak (edo Udalbiltza ez bada, beste norbaitek) ibilbide nazionalak bultzatu beharko lituzke, gai ezberdinen inguruan. Interesa dago Euskal Herria ezagutzeko, kultura, ondarea eta historia ezagutzeko. Interesa egon daiteke gertuko historia, memoria eta politikaren inguruan ikasteko (hor interesgarria Partizan Travelek egiten duen lana). Turismoa aldatzen ari da, eta Nafarroa kontrako norabidean doa.