Kolaborazioa

Mastodonen, kakaztearen aurka

Título 1432270

Sentitzen dut nire lehenengo kolaborazioa publizitate kutsuarekin hastea, baina une egokian harrapatu nau, Mastodonen X sare sozialak bizi duen egoeraz eztabaidan. Elon Musk ultra-(eskuindar eta aberatsak) Twitter erosi zuenetik jada ikusten zen joera azeleratu da, bereziki Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta Musk bere taldean jarriko duela iragarri zuenetik. Ez da izan azken tanta, baina bai nahiko nabarmena jendea alternatiba bila hasteko.

Mastodon sare sozial deszentralizatu bat da, Twitter/X edo Facebook ez bezala. Hau da, ez dago korporazio edo bilioidun baten eskuetan, baizik eta zerbitzua sortu nahi duten milaka pertsonen ordenagailuetan. Aukera aniztasun horrek jende asko atzera bota izan du, baina berez gauza sinplea da: euskalduna bazara,  mastodon.eus webgunera joan, eta beste edozein gunetan bezala erregistra zaitezke. Bertan ikusiko duzu mastodon.eus komunitatean gauden pertsonak, baina hortik kanpo daudenak ere jarraitzeko aukera izango duzu. Teknikoki, federazio deritzo sistema horri; eta fedibertso sare osoari. Baina, berez, ez duzu ezagutza teknikorik behar kontu bat zabaldu eta jendearekin saretzeko.

Azken urteotan asko aldatu da Internet. Beno, agian ez dio inoiz ere aldatzeari utzi. Baina badago fenomeno interesgarri bat, Cory Doctorowek "kakaztea" deitu duena, ingelesez "enshittification", azken urteotan areagotu dena. Doctorowek berak nik baino hobeto azalduko du:

"Horra nola hiltzen diren plataformak: lehenik eta behin, beren erabiltzaileekin onak dira; gero, beren erabiltzaileez abusatzen dute beren negozioetako bezeroentzat gauzak hobetzeko; azkenik, negozioetako bezero horietaz ere abusatzen dute, balio erantsi guztia berentzat, jabeentzat, akziodunentzat gordetzeko. Orduan, hil egiten dira hasieran erabiltzaileentzat baliotsu ziren zerbitzuak. Enshittifikazioa, kakaztea, deitzen diot horri, eta itxuraz saihestezina den ondorio bat da, plataforma batek balio erantsia esleitzeko, monetizatzeko, duen erraztasunaren konbinaziotik datorrena, 'bi aldeko merkatu' baten izaerarekin konbinatuta, non plataforma bat erosle eta saltzaileen artean ezartzen den, alde bakoitzak besteari ahalik eta diru gehien atxikitzen dion, bien artean igarotzen den diruaren zati gero eta handiago bat harrapatuz."

Sistemaren parte da: norbaitek zerbitzu bat sortzen du Interneten, eskala handian inplementatzeko dirua eskatzen duen zerbait. Demagun, Amazon bezalako online denda bat. Hasieran milioika produktu eskainiko ditu, kostutik behera, dumpinga egiten. Produktuaren saltzaileak ez du dirurik galtzen, Amazon da bere zerbitzua eskaintzen, hau da, etxera bidaltzen, dirua galduko duena. Amazonen akzionistek galduko dute, hasiera batean, dirua. Behin milioika pertsona edukita, saltzaile zein erosle, bidalketa gastuak gehitzen joango dira, baina premium zerbitzu bat eskainita: Amazon Prime. Primekin bidalketak doan dira eta, gainera, telebista kanalak dituzu (hau da, ez duzu izango zure harpidetza kentzeko arrazoi handiegirik). Baina hori ez da negozio eredua: salmenta kopurua hain handia izanda, eta denden sarea suntsitu duzunez, posible duzu dendariei dirua eskatzea. Noski, dendariek ez dute zertan ordaindu behar, baina euren artean lehiatzen hasiko dira, ea nork egiten dion eskaintza hobea ez erosleari, baizik eta bitartekaria den Amazoni. Eta Amazonek sarituko ditu berari diru gehien ematen dieten dendak, bere produktua eskaintzeagatik publizitatea ordaintzen dutenak. Hasierako zerbitzua kakaztuta dago horrela: dirua lortzen duzu eroslearen harpidetzaren bidez eta, aldi berean, saltzaileak zuri produktuak erakusteko ordaintzen dizunetik.

Doctorowek dio kakaztea ekidinezina dela. Gertatu dela Amazonen, gertatu zela Facebooken (non publikazioak zigortzen dira kanpo estekak jartzen badira, adibidez), gertatu dela Googlen (non Adimen Artifizialak eta publizitateak bilaketa ezinezko egin duten jada). Gertatzen ari dela TikToken, Tinderren, Uberren. Plataformen kapitalismoaren funtzionamenduak hasieratik du harra barruan, kakaztera eramango duen jaiotzeko bekatua.

X sarean (lehengo Twitter) kakaztea Muskek bilatutako zerbait da. Eskuin muturraren, negazionismoaren eta testosteronaren bilaketa etengabea egin du. Algoritmoa aldatu du Trumpen alde eta zientziaren aurka. Ez du suntsitu: bere helburu politikoetarako tresna bilakatu du.

Bitartean, Mastodon hazten ari da, kakaztera eramango duen jatorrizko bekaturik gabe: irekia da, ez dago zentralizatua eta, gainera, euskaraz dugu. Zatoz, goxo egongo zara.