Kolaborazioa

Algoritmoa

Título 1533628

Mundua eskumarantz doa, eta ez pentsa Sakanan horretaz salbu gaudenik. Mundua eskumarantz doa, eta ez da ausaz gertatzen den prozesua: pertsona oso indartsuak daude helburu hori lortzeko bultzatzen.

Ziur noizbait ikusi duzula dokumental bat Bigarren Mundu Gerraren aurretik nazismoa boterera nola heldu zen kontatzen dizuna. Maiz, nazismoarekiko kritiko agertzen badira ere, nolabaiteko mezu supremazista, miresmenekoa, izaten dute atzetik: ingeniari onak ziren, komunikatzaile bikainak... gutxitan kontatuko digute, ordea, zenbat diru jarri zuen kapital handiak euren alde, zenbat lagundu zuten Alemaniako enpresek hala izan zedin. Nork finantzatu zuen Auschwitz Deutsche Bank ez bazen izan? Nork eman zion kanpaina egiteko hegazkina Hitlerri Lufthansa ez bazen izan? Pizzak egiten dituen Dr. Oetker enpresak janaria zein munizioak eman zizkien naziei, gerra presoek egindako janari zein munizioa. Uniformeak egin zizkien Hugo Bossek; kontzentrazio esparruak kudeatzeko txartelak IBMk; Zyklon B gasa egin zuen Kruppek; botikak "frogatu" (arin esateagatik) zituen Bayerrek; lan esklaboaz baliatu ziren Porsche, Mercedes-Benz, Ford, Volkswagen edo Siemens. Bai, kapital handiak arazorik gabe besarkatu zuen nazismoa eta eskuin muturra.

Orain hilabete ikusi genuen Donald Trump eskuin muturreko autokrataren kargu hartze ekitaldia. Lehen lerroan gaur egungo enpresa handienak, euren artean Meta (Facebook, Instagram, Whatsapp), Alphabet (Google, YouTube), Apple eta, noski, Elon Musk (X, SpaceX, Tesla...) zeuden. Guztiek, publikoki esanda, milioiak ordainduta bertan egoteagatik. Inoizko kapital kontzentraziorik handiena, denak batera, eskuin muturra bultzatzen jarraituko dutela publikoki adierazten.

Facebookek, Googlek edo X-ek duten negozio eredua ez da, hala ere, IBM edo Mercedes-Benzena, bestelakoa. Guk bideo bat ikusi edo zerbait partekatzen dugunean sortzen dugun lorratza da negozio eredua. Monetizatu daitekeen zerbait bilakatu dituzte gure iritzi, harreman sare eta kontsumo ohiturak. Eta hor sartzen da maiz aipatzen den hitz bat: algoritmoa. Zer da, baina algoritmoa?

Wikipedian begiratu dut, oraindik kontrolpean ez duten ezagutzaren eremu horretan: "Matematikan, informatikan, hizkuntzalaritzan eta beste zenbait esparrutan, algoritmo bat ongi definitutako instrukzio sekuentzia finitu bat da, ordenagailuz martxan jar daitekeena, normalean, problema bat urratsez urrats ebazteko edo konputazio bat kalkulatzeko." Bai, algoritmoa hori da, baina hemen beste esanahi batekin ari gara erabiltzen. Algoritmoa da erabakitzen duena guri zein bideo, zein mezu, zein produktu erakutsi behar digun. Algoritmoa da darabilgun musika aplikazioan "zuretzako" gomendatzen digun hori, YouTubeko bideo baten ostean beste bat gomendatzen diguna, eta eztabaida sutsuetan sartzera animatzen gaituen hori. Algoritmo sofistikatuen garaia da gurea, gainbalioaz gain gure arreta lortzeko diseinatutako ekuazio konplexuena.

Mundua eskumarantz doa, itsusten ari da, eta ez da ausaz gertatzen ari den zerbait. YouTuben kontu berri bat egiten baduzu, laster dituzu hor youtuber misogino eta arrazistak. Pare bat ikusten badituzu, akabo: algoritmoak bere burbuilan sartuko zaitu eta hortxe egongo zara ateratzea lortzen duzun arte... lortzen baduzu. TikToken eskuin muturreko posizioak biderkatzen ari dira, eta gure nerabeen artean zabaltzen. X-en "Zuretzako" atala begiratzen baduzu, denak dira zuk eztabaidatuko dituzun gaiak, haserrea sortzeko makina perfektua. Eta Facebooken ere antzeko, eduki polemikoek, eztabaida gehien sortzen dutenak, gorago erakutsiko dizkizu makinak.

Hilabete igaro da Muskek boterea hartu zuenetik. Trump golfean jolasten egon den tartean, ikusi dugu apartheida bultzatzen, ikusi dugu agur nazia egiten modu irekian, kopiatu dio agur nazi hori Mexikoko eskuin muturreko idoloa den Verástegui abizeneko batek (ziur arbasoak ez ditugula oso urrun), VOXen eta Alemaniako AfDren alde egin dute, eta debekatu dute AEBn "ekitatea", "inklusioa" eta "aniztasuna" hitzak (eta euren eratorriak) dituen edozein politika, ekimen, jarduera egitea. Alemanian egindako ikerketa batek "Zuretzako" tresna behatu du guztiz berriak ziren kontu eta gailuak erabilita: TikTokek erakutsitako %74, Xek erakutsitako %72 eta Instagramek erakutsitako %59 eskuin zein eskuin muturrekoa zen, eta tarte handi bat AfD alderdiaren aldekoa.

Mundua eskumarantz doala idatzi dut lehen esaldian. Ez, ez da horrela. "Munduko aberatsenek mundua eskumarantz eramaten ari dira" da esaldi zuzena. Euren kontrolpean dauden algoritmoak baliatuz, besteak beste.