Joan zen igandean, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta nik probestu nahi dut egiten ari naizen (garen) lan baten berri emateko, eta zuekin hausnarketa batzuk partekatzeko, mundu digitalean museoek izan dezaketen paperaren inguruan. Bide batez, hitz bat ikasi dudala ere esan nahi dizuet: paxia.
Batzuek jakingo duzue, baina nire lantokia Euskal Wikilarien Kultura Elkartea da. Gure lana euskarazko Wikipediaren ingurukoak bultzatzea da, batez ere hezkuntzan egiten duguna, baina kultura librean ere aritzen gara. Egindako lanetako bat, adibidez, GUAIXE aldizkariaren artxiboaren zati bat digitalizatzea eta sarean libre jartzea izan da. Wikipedia sarbide ohikoa da gaur egun zerbait jakin edo ikasi nahi duenarentzat, eta sarbide hori euskaraz egotea gure elkartearen helburua da. Wikipedia boluntarioek egiten dutenez, gure lana ez da edukia bere horretan sartzea edo sortzea, nahiz eta batzuetan baliabideak sortu eta ordenatzen ditugun... norbaitek egin behar duelako.
Iaz proiektu bati ekin genion, Euskal Herriko historia 100 objektutan. Euskal Herriko historia kontatzea beti da proiektu konplexua: nondik hasi, nola aritu, zein ikuspegi eman. Egin dira saiakerak, eta badira liburu onak gainbegirada bat ematen diotenak. Euskarazko Wikipedian ere irakurgai daude pasarte asko eta laburpen on batzuk, baina kostatzen zaigu bai ikuspegi orokor bat eskaintzea, baita herriz herriko historiari heltzea ere. Ideia asko, baina esku gutxi.
Proiektua abiatu genuenean nik uste ez genuela pentsatzen horrelako tamaina hartuko zuenik. Ideia sinplea da, antza: 100 objektu aukeratu eta euren bidez historia kontatzea. Edo istorio batzuk, gutxienez. Ez, ez da erraza. Lehenengo eta behin objektuak barreiatuta daudelako, eta nori galdetuta zerrenda desberdina lortuko dugulako. Arazoa ez da hainbeste objektuak biltzea, arazoa mugatzea da: hori bai, hura ez, honekin zerbait konta dezakegulako eta harekin kontatzen duguna jada bestela konta dezakegulako.
Badira historia kontatzeko modu asko, gainera. Zentra gaitezke gudu handietan, izen handiko pertsonetan, edo objekturik ederrenetan. Edo jar dezakegu arreta herritarrengan, eguneroko bizitzan, etxe guztietan ditugun objektuetan. Egin daiteke zerrenda bat soilik garapen teknologikoa kontuan hartzen duena, edo museo bakoitzak proposatzen duen bere objekturik kuttunena zein den soilik kontuan hartuta. Zerrenda guztiak dira zilegi, eta agian oreka ere bilatu behar da.
Orain bi aste Lizarran izan nintzen,
Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoan. Ateak itxita ditu, artikuluan sartzen ez diren arrazoiak medio, baina 17.000 objektu baino gehiagoko bilduma dute. Tartean, 100 objektuen zerrenda horretan sartu dugun bat: paxiak. Berez "paxa" deitu beharko genuke, hori delako, gerrian jartzeko paxa (faja, gerriko) bat. Baina Satrustegik Urdiainen eta Arruazun jaso zituen, eta bertakoek "hau zer da" galderarik "paxia" erantzun zioten. Eta izen horrekin gordeta daude, paxiak.
Eta zer dira paxiak? Bada, penizilina eta txertoak asmatu arte umeen kopuru handi bat hiltzen zen. Gaixotasuna uxatzea zorte kontua ere bazen, aberats zein pobreentzat, noble zein nekazarientzat. Ume jaio berriei, oraindik bataiatu gabe zeudenean, gerriko bat jartzen zitzaien hainbat bitxi eta kutunekin, gaixotasuna, zorte txarra eta heriotzari ihes egiten saiatzeko.
Gure proiektuaren baitan pax(i)en kalitate oneko argazkiak eta azalpenak eskatu dizkiogu museoari, eta eman dizkigute, Wikipedian jar ditzagun (
https://w.wiki/EEVP). Eta dokumentazioa bilatzen hasita, aurkitu dugu orain dela mende bat, 1925ean Madrilen egin zen erakusketarako, Urdiainen egindako argazkien multzo bat, jantzi tradizionalak eta pax(i)a jarrita duen ume bat erakusten dutena.
Museoen lana ez da soilik erakusketa eder bat sortzea. Museo Etnologikoak, adibidez, ez du erakusketarik. Museoen lana objektuak bildu, dokumentatu eta publiko jartzea bada. Proiektu honetan konturatu gara asko egin den arren, zaila dela oraindik bilduma horiek arakatzea. Museoetako leihoetan dagoena bilduma osoaren ehuneko oso txikia izaten da, eta harribitxiak daude ondo gordeta. Maiz, gordeta eta ezkutatuta sinonimo balira bezala hartzen da, hala ere.
Mundua digitalizatu den garaian bizi gara, eta bildumak etxetik zein ikastetxetik aztertzea errazago izan beharko litzateke. Museo birtualak behar ditugu, bildumak hobeto ezagutzeko Gu Wikipedian horrelako zerbait ari gara eraikitzen, Euskal Herriko historia 100 objektutan kontatuko duen museo digital xumea, museo fisikoetan dauden elementuak erakusgarri jarrita (