kolaborazioa

Turkiar Mekanikoa

Erabiltzailearen aurpegia Galder Gonzalez Larrañaga 2025eko urriaren 13a

1783ko apirilaren 17an Versaillesera iritsi zen Turkiar Mekanikoa. Europako aristokrazia liluratuta zegoen: gaur egun robota deituko genukeen makina edo automata batek xakean jokatzeko gaitasuna zuen. Engranaje, soka eta poleen bitartez, beso mekanikoa mugitzen zuen turbantedun panpinak. Maiatzean Parisen zen, eta xake jokalari adituen aurka aritzeko. Laster jokatu zuen François-André Danican Philidorren eta Legall de Kermeurren aurka, garaiko jokalaririk onenak. Philidorrek makina garaitu zuen, baina nekeza izan zela aitortu zuen. Pentsa: Philidor, gaur egun xakean hala moduz aritzen garenok maiz egiten dugun defentsaren asmatzaileak, zailtasunak izan zituen robot baten aurka. Bere aurka jokatu ziren beranduago Benjamin Franklin Parisen, eta Napoleon Schönbrunnen. Laurogeita lau urtez aritu zen makina miragarria han hemenka, barkuan munduari bira ematen, Ameriketako Estatu Batuetan, Kuban... harik eta Philadelphiako museo bateko sutean erre zen arte.

Bi mende baino gehiago pasata, lilura berdinarekin ari gara makinekin hizketan. Aitortzen dut, ChatGPT erabili dut azken aldian txosten neketsu batzuk idazten laguntzeko, galdetu diot Adoberen PDF laguntzaileari dokumentu luze baten laburpenari buruz, eta eskatu diot Dall-e makinari logotipo sinple batzuk proposatzeko. Programa sinpleak egin dizkidate Python bidez informazioa erausteko, eta makinei galdetu diet azalpen matematiko batzuk eraikitzeko. Philidorren harridura berdinarekin begiratu dut nola eraikitzen zuten askotan zuzena zen erantzun bat, baina maiz ikusi dut erantzuna zuzena baino, zuzen antzekoa zela. Hau da, erantzun zuzenak emateko baino, zuzenak diruditen erantzunak emateko trebetasuna duten makinak dira. Ez da gauza bera, antzekoak izan arren.

Turkiar Mekanikoak trukua zuen, noski. Kutxa erditik mozten duen magoak bezala, badu leku bat bere burua ezkutatzeko. Magoak ez du bere laguntzailea erditik mozten, badakigu hori, baina hala dela irudikatzeko moduak aurkitu ditu. Turkiar Mekanikoaren barruan, ireki ahal ziren ateetatik ondo ezkutatuta, xake maisu bat eserita zegoen, eta xake maisua zen poleak mugitzen zituena. 1809ko uztailaren 5etik 6ra bitarte, Napoleonek Austria-Hungaria garaitu zuen Wagramen, baina 24 mugimendutan irabazi zion Turkiar Mekanikoaren barruan zegoen gizonak.

Eta ChatGPTk, DeepSeekek, Claudek edo Elon Muskek bere X sare nazian erabiltzen duen Grokek ere trukua dute. Marketin estrategia argia da: munduko ezagutza guztia bildu dugu, eta hemen dituzu, beraz, erantzun zuzenak. Errealitatea bestelakoa da: makinek erantzun asko dituzte moztuta, manipulatuta edo bideratuta. ChatGPTk ez du Bibliaren edukiaren antzekoa den eduki umoretsurik sortuko, eta ezin du sexuari buruz hitz egin. DeepSeekek ezin du Txinako Alderdi Komunistaren parodiarik egin. Claudek literatura sortu dezake, baina ezin du biolentzia eszenarik sortu. Dall-ek uko egingo dio hitz zerrenda mordo bat prozesatzeari, maiz komikoa izan arte. Eta Grokek maiz jasotzen ditu bere jabe Musken errietak, ezkerrekoegia omen delako “neutrala” izateko. Noski, Muskentzat neutrala da berak dioena.

Automata turkiarrean bezala, makina ez da robot autonomo bat, enpresa, interes politiko eta ikuspegi batzuk daude atzean. Horrela uler daiteke Musken kasuan Wikipediari egiten dion kritika eta orain aste bat iragarri zuena: Grokipedia sortuko zuela. Ez dakigu egingo duen, maiz horrelakoak botatzen dituelako atentzio bila (Martera bidean egon beharko ginateke bere plangintzaren arabera, eta burutik burura telepatikoki hitz egiten txipei esker 2025 amaitu aurretik). Baina ideiaren atzea horixe dago: automata baten itxura izango duen makina, atzean pertsona baten ideologia sekretuan gordeta.

Albaniako gobernuak Diella sortu du, ministerio bat kudeatzen duen lehen adimen artifiziala. Ustelkeriari aurre egitea omen da helburua: makinek ez dituzte lagunak hobetsiko eta, beraz, erosketak beti izango dira justuagoak, garbiagoak, gardenagoak. Teknokraten ametsa da Diella, eta susmoa dut laster hasiko direla hemen kriptobroak horrelakoak saltzen saiatzen. Politikarik gabeko mundu bat, jenderik gabeko erabaki automatizatuekin.

Baina automataren barruan pertsona bat zegoen bezala, gainontzeko AA tresnetan dagoen bezala, Diellaren atzean ere datu multzo bat dago, agindu sorta bat, makinaren hariak mugitzen dituen enpresa edo pertsona bat. Grokek Musken ideologia erreplikatzen du, eta ez badu egiten, birprogramatuko dute, harik eta eta jabea gustura egon arte. Diellak zer erosiko duen eta zer ez algoritmo ilun batek erabakiko du, norbaitek programatu eta bideratu duena. Bi mende igaro dira, baina trukua oraindik leku berean dago.