Arreta handiz ikusi nuen umeekin nola ferratzen zuten Josu lagunaren zaldia Altsasuko plazan. Maiatzeko Gurutzea zen, eta errepika entzun eta Bartzelonatik etorritako collaren castellak mirestera joan aurretik artisauen lana ikusten egon ginen. Bitxia da ferratzailearen lana, nola konpontzen dizkion apatxak zaldiari, nola doitzen duen ferraren egitura ahalik eta zaldiari doitzen zaion arte, nola zaintzen duen zaldia, berez guretzat haginlariarengana joatearen antzekoa izango den zerbait egiten egon dadin. Ferratzailearen ondoan zeuden tornuarekin buztinezko ontziak egiten, eta hurrengoan ardiak mozten ari ziren, eta tartean euren apatxak ere garbitu eta apaintzen. Erretiratutako batzuk ere ikusi nituen, egur eskolan egiten dituztenak erakusten; ez ziren bakarrak, baziren egurrarekin koilarak egiten ari zirenak ere.
Orain bizpahiru belaunaldi bertan ikusitakoa ez zen berezia izango. Burdina lantzeko nola goritu behar zen, kakorratzarekin nola konpondu arropak edo apurtutako ontziak lañaz nola konpontzen ziren maiz ikusten zen, eta askok bazekiten horrelakoak etxean egiten. Denboraren, merkantzien eta munduaren erritmoaren poderioz ezagutza horiek galtzen joan gara, eta orain zerbait guk geuk egitea baino askoz errazagoa da Ormuzetik igaro behar den petrolioarekin elikatutako ontzi batean munduari bira bi aldiz eman dion plastikozko koilara bat erostea. Artisautza galdu da, edo galzorian dugu, eta urtean behin azoka batean ikusteko eta, diru pixka batekin, erosteko moduko bitxikeria da. Ezagutza galdu dugu, eta inork ez badu jarraitzen, berriro zerotik ikasi beharko dugu.
Azken hilabeteotan kezka handiz ikusten, irakurtzen eta, irakasle askoren ahotik, jasotzen ari naiz ChatGPT eta antzekoek (Gemini eta Claude nabarmen) nola aldatu duten ikasleen testuak irakurri, landu eta prozesatzeko gaitasuna. Nik neuk ikusi dudala esaten dut, ze lanarekin maiz noa ikastetxe eta unibertsitateetara, eta geroz eta gehiago ikusten ditut ikasleek txatbot batek emandako emaitza balekotzat eman, eta hori aurkeztea euren lana balitz bezala. Ez soilik aurkeztea, baita hori eskatutakoa dela defendatzea ere. Atzo bertan ikasle batek galdetu zidan ea berak aurkitutako hiru webgune AA bati eman eta horrek laburpena eskainiko balu balekoa izango ote litzatekeen lan bezala. "Zuk ikusi ea balekoa iruditzen zaizun" erantzun nion. Iruditu zitzaiola uste dut.
Ez da euren errua, noski. Administrazio publikoak AA bidezko sistemak bultzatzen ari dira irakasleen "lan burokratikoa" arintzeko, pentsatu beharrean ea burokrazia bera sinplifika daitekeen. AA bidez sortutako albisteak argitaratzen dituzten komunikabide ustez serioek, eta kazetariek ChatGPTri galdetzen diote ea euren elkarrizketatuari zer galdetu beharko zioketen. Aste honetan esan didatenez, hiru arduradun instituzionalen arteko bilera tekniko batean bakoitzak bere AA zuen aurrean, besteek esaten zutena hobeto kontrastatu ahal izateko. Jendeak mezuak idatzi eta Geminiri ematen dizkio luzatu ditzan, eta irakurleak Geminiri ematen dizkio mezu horiek berak laburpena egin dezan. Informatikan lan egiten duten lagun batzuek esaten didate aspaldi ari direla ikusten Claudek sortutako kodea aplikazioetan, inork errebisatu ez dituen kode zatiak.
Ez da euren errua, noski. Aurrekoan testu bat irakurtzen ari nintzen, eta erreferentzia bibliografiko interesgarri bat ikusi nuen. Bilaketa egin ostean lortu nuen dokumentu osoa jaistea, lehenengo testuan esaten zirenak hobeto ulertu nahi bainuen. Adoberen PDF irakurgailuak segituan galdetu zidan "testu hau oso luzea da, nahi al duzu laburpen bat egitea?". Noski ezetz, irakurri nahi dut. Baina punkia naizelako eta irakurtzea gustatzen zaidalako, ze presarekin banengo bai, otoi, faborez, arren... bai, egidazu laburpen hori. Zertarako irakurri beste norbaitek mimo handiz idatzi duena?
Adituek "uzkurtze" edo "atrofia kognitibo" deitu diote fenomeno horri. Pentsatzea, irakurtzea, argudiatzea, entzutea... besteratzen dugu, makina batek gure ordez egin dezala. Azken finean pentsatzea, irakurtzea, argudiatzea edo entzutea alferrikako lana da, luzeegia, konplexuegia. Makinak zure ordez egin dezake, eta produktiboagoa izango zara. Uzkurtze deitzen diote, laburbiltzea, argudiatzea edo testu hau bera idaztea entrenatzen den zerbait delako. Muskuluak lantzeko ariketa fisikoa egin behar den bezala, burmuina lantzeko ariketa intelektuala egitea beharrezkoa da. Eta ez badugu entrenatzen galtzen da, Maiatzeko Gurutzean ikusten ditugun artisautzak egitea galdu dugun bezala.
Badira pertsonak eskuz zerbait egitearen plazerari eusten diotenak. Ez errentagarriagoa delako, ez azkarragoa delako, ez produktiboagoa delako: egitea bera delako plazer. Agian, etorkizunean, egongo dira (gara?) oraindik irakurri, laburbildu, idatzi eta eztabaidatzeko plazerari eutsiko diogunak. Uzkurtze kognitiboa albo batera uztea lortzen badugu, behintzat.