Aitortu behar dut: kostatu zait irakurtzen ari zaren testu hau idaztea. Alde batetik, iraila etorri delako eta ez delako geldi egon. Udan urrun ikusten nuen eta "irailean egingo dut" esan nuen behin baino gehiagotan... eta Monterrosoren dinosauroa bezala, iraila iritsi denean egin beharreko lanek han jarraitzen zutelako. Bai, iraila gupidagabea da. Tematzen gara uda pixka bat luzatzen, dela Altsasuko Jaiekin, dela hondartza egun eder batekin, dela lagunekin egin behar zen afaritxo horrekin, baina iraila gainetik pasako zaigu.
Badago beste arrazoi bat: gauza gehiegi gertatu dira uda honetan, asko iraila baino indartsuago gainetik pasatzen ari zaigun Adimen Artifizialarekin lotuta. Eta aurreko testuak begiratuta, ez nuen gaia errepikatu nahi. Egunotan AA enpresetako buruak komunikabideetan izan ditugu esanez gizateria osoa hilko duela euren asmakuntzak, mugarik jartzen ez badiogu. Ez dakit adierazpen horien benetako arrazoia zein den. Ez dut uste arazo etiko handiegirik dutenik, agian dirua amaitzen ari zaie eta gehiago nahi dute, agian ikusi dute euren produktua ez dela uste zuten bezain ona izango eta hobeto esatea "nik nahi dudalako gelditu dut", edo agian da Txinarekin duten ereduen arteko lehian joko konplexuago bat dutela. Edonola ere, ez dakidanez, ez dut gai horren inguruan idatziko momentuz.
Idatzi nezake ere nola ikasturte hasierako bileran esan ziguten gure alaba hasiko dela aurten Microsoft Teams erabiltzen, eta bertan txata dagoela, beraz hori kudeatzen hasiko direla: nola erabili tresna, nola ez erabili, dituen arazoak. Digitalizazio arduratsuaren alde nago, baina PISA txostenak irakurketan eta kontzentratzeko gaitasunean mugak daudela erakutsi duen honetan ez dakit onena den irakurketa azkarra bultzatu eta kontzentratzeko gaitasuna mugatzen duten elementu berriak sartzea. Bide batez, PISA txostena helduoi egitea ere oso interesgarria izan liteke, han eta hemen eskuin muturrak duen gorakada ikusita. Agian hori izan liteke artikulu honetarako gaia, baina aurreko batean idatzi nuen uzkurtze kognitiboari buruz, eta, esan bezala, ez dut nire burua errepikatu nahi. Behintzat, ez hain azkar.
Udan beste aurkikuntza teknologiko interesgarri bat egin dut. Gauza da ekainean lan tekniko bat egiteko erabaki genuela Claude AA tresnaren harpidetza bat ordaintzea, hilabete baterako. Baina gero ahaztu zitzaigun kentzea, eta uda osoan harpidetza mantendu dugu lanean. Ez da garestia ere, baina bagenuenez, ba saiatu naiz bere mugak eta gaitasunak zeintzuk diren ikusten. Eta beno, ba nik ere ez nituzke egingo institutuko lanak eskuz, jakinda makina batek azkarrago egiteko gai dela. Baina harira, aurkikuntza teknologikoa: Wikipediako artikulu ugari geografikoak dira, hau da, leku bati buruzko sarrerak. Horietako asko oso laburrak dira, eta informazio minimoa dute. Baina agentzia estatistikoek, adibidez Nafarroako NASTATek edo Frantziako INSEEk, argitaratzen dituzte hainbat datu oso interesgarri, eta horiek baliatzea posible ote zen begiratu nahi nuen, EHUko ikasle batzuekin egin dugun esperimentu bati jarraika. Eta bai, posible da AAri eskatzea tresnak egin ditzala datu estatistiko horiek atzitu, moldatu eta gero Wikipedian modu erdi-automatikoan (nabarmendu nahi dut, "erdi" hori) euskaraz ere jartzeko. Begiratu euskarazko Wikipedian zure herriari buruzko artikuluaren "demografia" atala, emaitza ikusi nahi baduzu. Jostailu horrek entretenituta eduki nau uda erdia. Eta aurkitu nuenean mugikorretik ere egin zitekeela, ba beste uda erdia ere datu estatistikoak lantzen egon naiz. Edo egon da. Edo egon garete. Ze ez dakigu nork egiten dituen lanak gaur egun, eta euskarazko aditz sistemak ez zuen aurreikusi horrelako egoeraren aurrean egongo ginatekeenik inoiz.
Iraila zen jada nire tesi zuzendariarekin berriro bildu nintzenean. Udan zuzenketak proposatzen egon da, gutxi batzuk, mila eta seiehun inguru, eta horien inguruan hitz egin behar genuen. Baina gai bat genuen bueltaka, eta horri ere heldu behar. Laburrean: zu hemen zaude, hau irakurtzen, ziurrenik Sakanan bizi zarelako (edo sarean nik zabaldu dudalako). Guaixe Sakanan idazten da, sakandarrek irakurtzeko, eta saiatzen da Sakanari buruzko ezagutza edo errealitate partekatu bat eraikitzen. Eta euskaraz egiten du Sakanaren eraikuntza hori. Baina teknologiak aldaketa sakonak izan ditu azken urteotan, horietako bat, oso nabarmena, itzulpengintza automatikoarena da. Beraz egon zaitezke hau irakurtzen, baina ez euskaraz, sarean irakurtzen baduzu eta itzulpen automatikoa (itzuli euskarazko guztia) sakatu baduzu. Edo, alderantziz, egon zaitezke New York Times euskaraz irakurtzen, ingelesez baino euskaraz hobeto moldatzen zarelako. Egon zaitezke ingelesez sortutako bideo bat automatikoki gaztelaniaz entzuten, jatorrizkoaren ahots klonatu batekin. Laster, akaso, euskaraz. Egon zaitezke OkDiario irakurtzen edo Abascalen diskurtso bat entzuten euskaraz. Ingelesez termino bat sortu dute gure burmuinak ondo prozesatu ezin dituen hainbat teknologien eragina azaltzeko:
uncanny valley, "aztoragarriaren bailara" edo "hotzikararen sakana". Adibidez, ia gizakia ematen duen baina argiki plastikozkoa den robot batekin harreman erromantiko bat izatearen ideia. Edo hildako zure amona dela simulatzen duen txatbot bat. Imajinatu etorkizun bat non sakandarrek Guaixe irakurri baino, nahiago duten Abascalen bideoak euskaraz ikusi. Uncanny valley, hotzikararen Sakana.