Kolaborazioa

Datuak eta 'errelatoak'

Erabiltzailearen aurpegia Galder Gonzalez Larrañaga

hautesbehatokia.eus

Gaztelaniaz bada esamolde bat eztabaida batean datuek duten garrantziaz ohartarazteko: dato mata relato. Euskaraz errelato hitza sartu da politikan, baina ez da ez jatorra, ez txukuna. Kontakizunak, kontaera, narrazioa... dira hitz egokiak, antza. Baina "datuak hiltzen du kontaera" esateak ez du errima egokirik eskaintzen. Izan ere, berdin dio, datuak ez duelako ez errelatoa, ez kontakizuna ezta narrazioa hiltzen. Bestela, datu asko dituzten pertsonek jakingo lukete eskuin muturrak erabiltzen dituen tripak ez lituzke erakarriko burua erabiltzeko gai diren pertsonak. Datuek, batzuetan, eztabaida bat bideratzea lortzen dute. Baina ez beti. Askotan, kontakizunak hiltzen du datua.

Edonola, badirudi datuak bistaratzea garrantzitsua dela, azken aldian hiru proiektu aurkeztu direlako datuak euskaraz aurkezteko helburuarekin. Akaso, ziurgabetasun eta likidotasun gizarte honetan norbaitek nahi duelako heldulekuren bat eskaini. Akaso, AA bidezko tresnen garapenak baimentzen duelako datu kopuru izugarria ikustaraztea. Edo, ziurrenik, bien arteko nahasketa baten ondorioz.

Lehenengoa

https://hautesbehatokia.eus webgunea da, Euskal Herri osoko hauteskunde datuak eskaintzen dituen webgune izugarri interesgarria. Udalerrika, eskualdeka, hizkuntza eremuaren arabera eta hauteskundeen arabera datuak ikusi, aztertu eta alderatzeko aukera eskaintzen du. Hauteskundeak maite badituzu (edo jokoan dagoenaren jakitun baldin bazara) bertan galtzeko moduko webgunea da.

Bigarren proposamena Euskarazko Wikipediako udalerrietako artikuluetan dago. Honetan ni ibili naiz lanean, beraz pixka bat gehiago ezagutzen dut metodologia. Utzidazue azaltzen. Euskal Herrian hiru administrazio (lau Trebiñurekin) ditugu, eta horietako bakoitzak datu propioak eskaintzen ditu. Espainiaren menpeko hiru guneetan datu egonkorrak INEk eskaintzen ditu, eta Frantziaren menpekoetan INSEEk. Ez dira datu berberak, eta askotan zaila da horiek alderatzea, metodologia ere desberdina delako. Europan saiatzen ari dira hori guztia egonkortzen, baina badirudi bide luzea dutela. Ondoren ditugu Autonomia Erkidegoak: Nafarroako NASTAT izeneko webgunea du datuak eskaintzeko, baina oinarrian INEren datu berberak dira, beste modu batez antolatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak EUSTATek eskaintzen ditu, eta horiek nahiko onak dira, INEk baino zehaztasun handiagoarekin eta aukera gehiagorekin eskaintzen baitira. Eta, hala ere, datu batzuk lortzea zaila da, Hego Euskal Herriko lau herrialdeek ogasun propioak dituztelako, adibidez. Instituzio bakoitzak bere datuak eskaintzen dituenez, datu horiek jaitsi, egitura antzekoa eman eta Wikipedian eskuragarri jartzeko prozesua konplexua da, ia artisautza lana. Baina konplexuak ez du esan nahi ezinezko, beraz hortxe aritu gara azken hilabeteotan, datuak jaitsi, landu eta komunal digitalera igotzen, gero Wikipediako artikuluak hobetu ahal izateko.

Emaitza ikusgarria da. Sartu zuen udalerrian euskarazko Wikipedian eta begiratu, bestela. Demografiako datuak, etxebizitzarenak, ekonomiako oinarrizkoak (EAEn, oro har, gehiago daude) edo nekazaritzari buruzkoak izango dituzue. Baita zenbat kotxek duten hirietan sartzeko behar diren pegatina horiek ere. Datu asko baitaude administrazio publikoetako webguneetan, baina gakoa horiek antolatzea da. Horrela, jakin dezakezu Arbizun zein den atzerriko komunitaterik handiena, edo Altsasun zein den errentaren bilakaera, eta zenbat balio duen metro koadroak Uharte Arakilen. Euskarazko Wikipedian udalerrietan dugun informazioak ez du parekorik beste hizkuntzekin, eta guztia datuak modu egituratuan eskaintzeko gogo horri zor diogu.

Azken proiektua aste honetan bertan ezagutu dugu. Gaindegiak Euskal Herri osoko datuak eskaintzeko helburua du. Aurretik azaldu dudan katramila instituzional horren ondorioz zaila da euren lana. Hala ere, azken hilabeteotan lanean aritu dira datuen atari berri bat sortzeko:

https://datutegia.gaindegia.eus/. Datutegian demografia, ekonomia edo ingurumenari buruzko datuak, mapak eta grafikoak aurkituko ditugu, baita Euskal Herri osorako datuak ere, Wikipedian falta zaigun elementu garrantzitsua.

Yuval Harari idazleak dio gizakiak errelato zaleak garela, gure buruari kontakizunak egiten dizkiogula, eta kontakizun horien gainean eraikitzen ditugula gure erakunde, bizitza eta egin beharrak. Ilustrazioak pentsatu zuen datu asko emanez gero posible zela errelatoekin haustea, pertsonak arrazionalak garelako, eta iritziz aldatu dezakegulako datu sorta on batekin. Ez dakit zeinek duen arrazoi, baina garai ilunak aurrean ditugun honetan akaso komeni zaigu datuei begiratzea, errealitatea hobeto aztertu eta gure errelatoak horien gainean eraiki ahal izateko.