2013ko maiatzaren 9ko ebazpenean Auzitegi Gorenak interpretaziorako jurisprudentzia irizpide batzuk finkatu zituen, banku entitate guztien zoru klausula guztietan ezartzekoak. Ebazpen horren ondorioz, hipoteken zoru klausula gehienek ez dituzte baldintza horiek betetzen, eta, horregatik, auzitegietan deuseztatu daitezke, gardenak ez baitira.
Horrenbestez, informazio falta nabarmena egon badago; interesen portaera desberdinen simulaziorik ez badago, hipoteka kontratatzean interes tasa behar bezala aurreikusteko; kostuei buruzko informazio argirik eta ulergarririk ez badago, beste kreditu modalitate batzuekin alderatzeko; zoru klausulak gehiegizkoak direla ebatzi da, nahiz eta zoru klausula sabai klausula batekin batera agertzen den, itxurazko kontraprestazio bat nola edo hala agertu nahirik. Gainera, Auzitegi Gorenak ebatzi du bankuek eta kutxek berek erakutsi behar dutela hipoteka kontratatzean bezeroari informazio argia eta zehatza eman ziotela.
Hipoteka berraztertu nahi baduzu, erantzun honako galdera hauei:
Zoru klausula elementu nagusi gisa zehaztu da, sabai klausulari lotuta egon gabe?
Merkatuaren portaera aurreikusteko moduko simulazioak sartu dira?
Interesa aplikatzeko beste modalitate batzuk badaudela ohartarazi dute?
Datu kopuru ikaragarri batean sartuta idatzi da zoru klausula, barnean duen mezu garrantzitsua ezkutatzeko?
Zoru klausula duten hamar hipotekatatik bederatzik Auzitegi Gorenak azaldutako trikimailuren bat agertzen dute, eta zure hipoteka ez da salbuespena.
Zoru klausulek kaltetutako bat zarela iruditzen bazaizu, onena da bankuari edo kutxari aldez aurretiko erreklamazio bat idatziz aurkeztea, Auzitegi Gorenak azaldutako argudioak oinarri hartuta, eta klausula hori kentzeko epe bat eskaintzea. Zure zoru klausula epearen barnean deuseztatzea onartzen ez badute, eraman kasua epaitegira, horrek kreditu entitatea behartu dezan. Era berean, fede gaiztoko jokaera nabaria erakutsi dutenez, eskatu epaitegiari kreditu entitatea epaiketaren kostua ordaintzera kondenatzeko.
Irtenbide politiko baten ezean, bide judiziala da hipoteken zoru klausulak deuseztatzeko modu errealista bakarra.