Egun on guztioi, niri gertatutako istorioaren hasiera beste jende askorena bezalakoa da. Lanik gabe gelditu nintzen, eta senarraren soldata ez zen aski lau familiakoen oinarrizko beharrak asetzeko eta ohiko ordainketei aurre egiteko. Beraz, gorriak eta beltzak ikusten hasi ginen. Hilabete batzuen buruan are larriagoa zen arazoa. Senarraren soldata berandu eta gaizki heltzen zen, nominak berandu kobratzen ziren, askotan ez zeuden osorik, gainera, eta aparteko soldatak ere ez ziren heltzen. Oso latza zen gure arazoa, fakturak eta hipoteka garaiz ordaindu behar baitira. Handik gutxira zorren bat metatzen hasi ginen, eta, hipoteka ordaintzen bagenuen, janik ez. Orduantxe ohartu ginen zerbait egin behar genuela. Bankuarekin komerietan hasi ginen, irtenbideren bat bilatu nahian. Urtebeteko ahalegin horretan bankuarekin hitz egiten saiatu ginen askotan hipoteka gelditzeko, baina ez genuen deus lortu. Egun batean, Autobus geltokian nintzelarik HIPOTEKAK KALTETUTAKO SAKANAKO PERTSONEN PLATAFORMAk (HKSPP SAKANA) jarritako kartel bat ikusi nuen, eta, ez nuen zalantzarik izan; horiengana jo nuen.
Ederki hartu gintuzten, eta, lasaitu eta lagundu ondoren, berehala joan ziren gurekin bankura irtenbideak bilatzeko. Azkenik, esan nahi geniena entzun ziguten bankukoek. Urte oso batean lortu ez genuena, plataformak hilabete gutxitan lortu zuen, eta berehala gelditu ziguten hipoteka. Bi urteko gabe-aldi bat izan zen gure irtenbidea. Bietatik bat iragan da jada. Hara joaten jarraitzen dut, ni bezala edo okerrago dauden beste kaltetu batzuei ahal dudan guztietan laguntzeko. Gaur egun, plataforma nire familiako beste kide bat da. Plataformari esker jende askok jasotzen ahal du laguntza.
Azkenik, orain edo aurrerantzean arazoren bat izaten ahal duzuenoi plataformara joateko deitu nahi dizuet, HKPP jende askori laguntzen ari baitzaio: ZOAZTE!