Orain direla urte asko nire bizitza ezberdina zen. Zuen antzera, ilusioa eta etorkizuna nuen eta pisua erosi nuen. Laburbilduz, hobeto bizitzen nintzen. Orain dela denbora bat langabezian geratu nintzen; dirua sartzeari utzi eta egoera oso ezatsegin batean geratu nintzen. Herritar askok bezala, ezin nuen pisua ordaindu. Momentu berean pisua alokatzeko erabakia hartu nuen. Nire helburua argia zen: alokairuaren diruarekin hipoteka ordainduko nuen. Baina dena trabatu zen maizterrak alokairua ordaintzeari utzi zionean. Ez diot milaka bueltarik emanen gaiari, baina zera esan nahi dut: gatazka handien ondorioz alokairu kontratu hau apurtu zen, eta hipoteka ordaindu gabe, bankuarekin egoera ez zen bate ere ona. Momentu horretan eta ahotik ahorako informazioari esker, HUTeren existentziaz ohartu nintzen eta beraiekin kontaktuan jarri nintzen.
HUT hipotekengatik kaltetutako pertsonen eta boluntarioen palataforma bat da. Estatu osoan, Nafarroan eta Sakanan baita ere, dagoena. Oso azkar erantzun zidaten. Lehenengo bileran nire kasua kontatu nien, eta jarraitu behar nituen pausuen aholkua eta informazioa eskaini zidaten. Beraz, momentua iritsi zenean, erabaki bat hartzeko prestaturik nengoen eta “dación en pago” delakoa egitea hautatu nuen. Boluntarioek banketxera lagundu zidaten eta bertan eskaera egin genuen. Notarioaren aurrean sinatzeko ordua iristean, nire ondoan egon ziren.
Erabaki gogorra eta zaila hartu nuen, baina egingo ez banu, egoera gaur egunean okerragoa izango litzateke, langabezian jarraitzen baitut, diru sarrerarik gabe. Baina, gutxienez, ez daukat zor bat arrastaka. Gaur egun ordaintzea ezinezkoa litzatekeena.
Sakanako plataformako boluntarioak beti gogoan edukiko ditut modu oso berezi batean, bai emandako informazioagatik, eta baita emandako laguntzagatik ere. Boluntarioek beren bizitza pribatuari denbora kentzen baitiote, nireak bezalako arazoak dituzten pertsonak laguntzeko.
Eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, HUTeko boluntarioei, batez ere burutzen duten lanagatik. Familia handia osatzen dute, mundu osoarendako. Behintzat, niretzat, hala da. Eskerrak HUTari, Estatu osoan egiten ari den lanagatik, gaur egun “jenderik gabeko etxerik eta etxerik gabeko jenderik” ez egoteko.
Boluntario bihurtutako kaltetua.