Gure istorioa pisu bat erostea erabaki genuenean hasi zen. Garai hartan hipotekaren prezioa zertxobait altua bazen ere, arrazoizkoa izaten jarraitzen zuen gure orduko egoeran. Biok, nire emazteak eta nik, lana geneukan eta dirua ez zen arazo bat guretzat. Denbora batez, dena nahiko ongi joaten zen, hala ere, hainbeste entzundako krisiak gure bizimoduan ere kolpatu zuen.
Lana urrituz joan zen, galdu arte. Horrek ohiko gastuak ezin eramatera ekarri zigun. Sinplea zen. Hilabete amaierara iristea ez genuen lortzen eta gure egoera desesperagarri bilakatu zen. Jakina, posible zen guztietan murrizten saiatzen ginen, baina, ez zen nahikoa izan.
Hipotekaren prezioa arazo bat izaten hasi zen, dagoeneko ez zen arrazoizkoa. Beraz, pisua bankuari itzultzeko aukera aztertzea erabaki genuen. Gure intentzioa jakinarazi genien banketxekoei eta haiek irmoki ukatu ziguten aukera, zenbait arrazoibide emanez. Hainbat modutan saiatu ginen baina, soilik, ezezkoak jaso genituen.
Orduan izan zen, halabeharrez, hipotekek eragindako pertsonendako laguntza plataformen berri izan genuenean. Berriozarko egoitzarekin harremanetan jarri ginen eta haiek Sakanakoak ginela konturatzean gure kasua Altsasuko egoitzara pasatzea erabaki zuten.
Gure arazoaren berri eman genien eta, haiek, azkar eta eraginkor, guztiaz arduratu ziren. Denbora guzti horretan gure ondoan borrokatzen egon ziren, aurrera jarraitzeko beharrezkoa den laguntza hori ematen, gure etorkizun hobea izateko asmoz eta genituen arazo haiek desagerrarazteko.
Ez zen erraza izan gure helburua lortzea, baina, hainbeste trabaren ondoren lortu egin genuen eta haiek puzzlearen pieza gakoa izan ziren. Haiendako gure eskerrik onena, asko zor diogu eta.