Ez da harritzekoa ihes-jokabide hori, batez ere, gizartearen oniritzirik gabe hondakinak kudeatzeko proiekturik inposatuko ez zutela agindu zutelako eta gero beren hitza janez Sakanako udal-araudiak eta sakandarren borondatea saihesteko UPrS-a sustatu dutela kontuan hartzen badugu.
Benetan zaila da, UPrS hori justifikatzeko lanpostuak mantenduko zituztela adierazi eta gero, eta hondakinak erretzeko eta magnesita ekoizteko beharrezko dituzten baimen guztiak eskuratu ondoren, langileen %30a bota dutela azaltzea.
Nafarroako Gobernuari gezurra esan zioten hondakinak erretzea ezinbestekoa zutela adierazi ziotenean, CO2 isurpenengatik zigorrik ez jasotzeko, benetan, dohainik eskuratutako ehunka mila tona isurpen eskubide soberan dituztenean, lotsagabeki salduko dituztenak dirua barra-barra irabazi eta beste enpresa batzuek gehiago kutsatzen jarrai dezaten.
Nola azaldu minbizi sortzaile diren faktoria hauen inguruan heriotza-tasa nabarmen hazten dela dioen Madrileko Carlos III.a Institutuak kaleratutako txostenean jasotzen diren ondorio larriak, edo isurpen mugetan Nafarroako Gobernuak baimendu dizkien salbuespenak, edo jokabide ustelagatik jaso zuen eta Auzitegi Nazionalak berretsi berri duen kondena, beste enpresa batzuen hondamena, 200 lanposturen galera eta nafar zergadunoi egin digun 100 milioi euroko iruzurra agerian utzi duena.
Etengabe gezurretan eta iruzur egin nahian eta aurpegirik eman gabe. Beren langileei jarduera anker honen kontra dihardugunon aurrean beligerantziaz jokatzeko eskatuz dabiltzan Portland-en arduradunen koldarkeria, ezin da inolaz ere justifikatu.