Zementu-fabriketan errausketaren kontrako Andaluziako elkarte eta herri mugimenduek garaipen oso garrantzitsua lortu dute Andaluziako Juntak, Nieblan dagoen porlandegiak zementua ekoizteko labeetan hondakinak erre ahal izateko tramitatutako baimena amaitutzat eman duenean.
Olaztiko zementu-fabrikarekin ez bezala (hemen Nafarroako Gobernuak udalaz gaindiko plana onartu du Olaztiko Udala saihesteko), Juntak Nieblako Udalaren autonomia aitortu du, jarduera hau bere herrian burutzearen kontra aurkeztutako txostenak dioena aintzat hartuz eta hori espedientea amaitutzat emateko arrazoi nahikotzat iritziz.
Jarduera horren eraginpeko herritarren nahiari eta beren bizi kalitatea eta inork bere etxe ondoan nahi ez duen jarduera horrek ekar ditzakeen gaixotasunik eta ondorio larririk gabe bizi osasuntsua bermatzeko onartu dituzten udal araudiei zor zaion errespetuari dagokionez, aldea izugarria da, eta beste behin agerian utzi du UPNren gobernuaren jarrera autoritario eta ipurgarbitzailea.
Aipatzekoa da, bestalde, Nieblako kasuan ez bezala Olaztin errausketa babesten duten alderdien jarrera hipokrita. Andaluziako zementu-fabrika horretan erraustearen kontrako PSOEren jarrerari, oraindik irmoagoa ageri den Partidu Popularrarena ere gehitu behar zaio. Hau, hondakinak zementu-fabrikan erretzearen erabat aurka agertu da, eta “El fuego purificador” izeneko bideoak jarduera horrek osasunean, inguruenean, ekonomian eta enpleguan duen eragin kaltegarriari buruz dioena hartzen du oinarritzat bere jarrera justifikatzeko.