Erraustearen aldekoen hizkera

Erabiltzailearen aurpegia 3 Mugak Batera 2014ko ira. 19a, 06:00

Errausketa arbuiatutako hitza eta gizartean esker on eskasa jasotzen duena dela ederki dakite bai zementu egileek eta baita horien interesekin lerratzen diren politikoek ere. Balorizazioa izan da hondakinak erretzeari errausketa ez deitzeko aurkitu duten hitz leungarria. Hauxe da, broma dirudien arren, gurekin jolasean ari diren politiko maltzurrek  behar duten lege babesa Portlanden egin nahi dutenak errausketarekin zerikusirik ez duela ziurtatzeko, nahiz eta ukaezina izan hondakinak labe batean sartu behar dituztela erretzeko eta horrek gure osasunean, enpleguan eta inguruko eskualdeetako ekonomian izango dituen ondorioak oso larriak izango direla.

Nafarroako Hondakin Planari helegitea jarri zitzaion hondakinak Energia Balioztatzeko Planta batean erre behar zirelako, horixe baita errauskailuei gaur egun ematen zaien izena. Eta izen hori hartzen dute, ustez, hondakinak erretzeak gero argindarra lortzeko erabiliko den energia sortzen duelako.

Olaztin egin nahi den hondakin errausketa Energia Balorizazioa da administrazioaren hitzetan. PSNk, errausketaren aurka dagoela dio, baina ez balorizazioaren aurka, beraiendako biak oso desberdinak direlako. Bitartean Nafarroako Hondakin Plana epaitegiak bertan behera utzi zuen eta Nafarroako Gobernuak hondakinak ez direla erretzen, ez direla erraustuz desagerrarazten, baizik eta balioztatu egiten direla  alegatu du bere defentsan.

Hainbesteraino iritsita, PSNri galdetu beharko litzaioke zergatik dagoen Hondakin Planean aurreikusten den Hondakinak Balioztatzeko  Plantaren aurka (bere jarduera balioztatzea da) eta ez aldiz Olaztiko Portland enpresan egingo den balioztatzearen aurka, biak ala biak jarduera bera izanik.

Eta orain, hauteskundeak hurbil sumatzen dituztenean, berdez jantzi eta errausketarik gabeko Plan berria aldarrikatu dute. Baina mesedez, ea zeuen burua argitzen duzuen, hori dagoeneko bazegoen epaitegiek bertan behera utzi duten Nafarroako Hondakin Planean.

Azken finean, politikakeria gutxiago eta seriotasun eta errespetu handiagoa. Gure osasuna dago jokoan.

http://olaztinerrausketarikez.blogspot.com.es/