“Errausketarik gabeko” Nafarroako Gobernuaren Hondakin Plan Berria

Erabiltzailearen aurpegia 3 Mugak Batera 2015ko urt. 30a, 08:00

Nafarroako Gobernua, orain dela gutxi agertu zen jendaurrean, Nafarroan errausketa baztertzen zuela iragarriz. 3MB plataformatik adierazi genuen UPNren beste propaganda kanpaina bat besterik ez zela, bere ingurukoak lasaitu eta FCCrekin batera hondakinak kudeatzeko prestatutako planari jarraipena emateko.

Eta horrelaxe izan da. Ustez errausketa-energia balioztatze gabeko HKNPI (Hondakinak Kudeatzeko Nafarroako Plan Integral) berriaren lehen zirriborroa ezagutu dugunean, Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen konponbidea, hondakinak, zementu-fabriketan errausteko  “erregai” bihurtzea da. Eta hori noski, Olaztiko FCC-renean egingo da, horretarako baitauka 2012az geroztik hitzarmena sinatua, besteak beste hondakinak balioztatzea sustatu eta areagotzeko eta horretara bideratutako hondakin kudeaketa eredua ezartzeko.

Ez da ahaztu behar, hitzarmen hori sinatu ondoren, Nafarroako Gobernuak UPrS (Udalaz gaindiko Plan Sektorial) bat indarrez ezarri zuela, horrela, bere udal barrutian hondakinetatik eratorritako “erregaiak” erabiltzea debekatzen zuen Olaztiko Udalaren araudia saihestuz.

Ikusi dugu nola Tuteran denek bat egin duten pneumatikoak (Olaztin erreko duten hondakinetako bat) erraustuko zituen energia balioztatze planta bertan behera uzteko. Tafalla aldean energia balioztatzeko planta baten eraikuntza ere atzera bota dute, hemen  Sakanan jarduera bera inposatu nahi duten alderdi horiek guztiek han aho-batez hala eskatu dutelako. Donapeako UPrS-a udal autonomiaren kontrako eraso nabarmena zelako atzera botatzea nola lortu den ere ikusi dugu.

Gure osasunaren aldeko borroka eredugarria izan da Sakanan. Baina hemen borrokan jarraitzea beste aukerarik ez zaigu geratzen, eta denok dakigu zergatik.

http://olaztinerrausketarikez.blogspot.com.es/