Auzitegi Gorenak behin betiko baliogabetu du Nafarroako Hondakin Plana eta Esparza jaunari denbora falta izan zaio ebazpenak ez duela Portland-ekin zerikusirik adierazteko. Europako arauek errausketa burutu behar den instalazioen kokapena zehaztera derrigortzen dutela gogorarazi dio auzitegiak. Gai hau ongi ezagutzen zuen hasieratik kontseilariak, baina ez zuen zehaztu nahi izan horrek hauteskundeei begira bere alderdiarendako izan zitzakeen ondorioak aintzat harturik, eta are gehiago alderdi horren egungo egoera larria kontuan izanik.
Horregatik baztertu dute baliogabetutako planean aurreikusten zen balioztatze-planta (errauskailua) eraikitzea eta beste alde batera begira jarri dira, men egiten ez dien Nafarroako ertz horretara, hauteskundeetan galtzeko gutxi duten tokira hain zuzen ere.
Zementu-fabriketan erraustearen aurkako plataformen VI. topaketak burutu dira hilabete honetan Katalunian. Gure osasunari, ingurumenari eta baliabideei dakarzkien kalte larrien inguruan jardun dira goi mailako zientzialariak bertan, eta Olaztiko zementu-fabrikari bereziki dagokionez, PCB (ezagutzen diren hamabi kutsatzaile arriskutsuenetakoa) isurtzaile nagusienetakoa dela adierazi digute, lurra eta ura kutsatu eta gizakiongan pilatzen dena, osasunean ondorio larri franko sorraraziz.
Topaketak, herritarrei mezu argia helaraziz bukatu ziren: boto bakar bat ere ez hondakinak errausketaren alde egiten duten alderdiei, eta bereziki hori zementu-fabriketan egin nahi dutenei.
Hau oso larria da, gure eta gure seme-alaben osasuna da jokoan dagoena.
3 Mugak Batera