Europako Ingurumen Agentziaren txosten batean, Europako instalazio handi kutsatzaileen zerrenda argitaratu dute. 622 instalazio kutsatzaileenetatik, 7 zementu-fabrikak edo magnesio oxido ekoizleak dira, horien artean Morata de Tajuñako Cementos Portland Valderrivas eta Zubiriko Magnesitas de Navarra.
Komeni da gogoratzea Olaztiko Portland-ek hondakinak erraustu ahal izateko baimenaz gain, Zubiriko plantak baino magnesio oxido gehiago ekoiztu ahal izateko baimena ere baduela, gainera, azken honek baino isurpen muga handiagoarekin. Horrek ekarriko lukeen kutsadura eta gure osasunerako kalteak izugarriak lirateke.
Bada kutsadura honek populazioaren osasunean sortzen duen kostuaren ebaluazio ekonomikoa milioi eurotan. Adibidez, Portland-en Morata de Tajuñako plantak eragindako kalteak 39 eta 48 milio euro artean ebaluatzen dira eta Zubiriko Magnesitas de Navarrak eragindakoak berriz 50 eta 117 milioi artekoak.
Datu hauek ezagutzea benetan da interesgarria, kutsadurak sortutako gaixotasunen tratamenduen kostuak denon artean ordaintzen baititugu, eta gainera ez dira kontuan hartzen jarduera hauen eragina ebaluatzerakoan.
Horren adibide argia da Nafarroako Gobernuak Olaztiko Portland-i magnesita ekoizpenean gasak arazteko teknikak ez erabiltzeko salbuespena ematea, teknika horiek ezartzeak zuen kostua gehiegizkoa zelako horrek ingurumenean zekarren onurarekin alderatuta.
Argi dago Nafarroako Gobernuarendako herritarrok gaixotasunik ez hartzea ez dela inolako onura, nahiz eta gero horien tratamenduak denon artean ordaindu izan behar.
Informazio gehiago hemen.