Ekainaren amaieran parte hartu genuen Nafarroako Hondakin Kudeaketarako Plan Integral (NHKPI) berria egiteko prozesu pate-hartzailearen barruan egin zen azken bileran. Gogoratu beharra dago aurreko NHKPI-ari helegitea jarri zitzaiola, hondakinak erraustea aurreikusten zuelako, eta plan hura behin betirako bertan behera geratu zela. Gero, Nafarroako Gobernuak Nafarroan errausketa baztertzen zuela iragarri ondoren, itxaropen handia sortu zen NHKPI berrian errausketarik gabeko kudeaketa beste eredu batzuei atea irekiko zitzaiolakoan.
Aipatutako bileran errefusaren gaia eta berau tratatzeko aukerak aztertu ziren. Eta hara hor gure ezustea, Nafarroako Gobernuaren teknikariek berriz ere errausketaren mamua aireztatu zutenean, errefusarekin helburu bezala, besteak beste, zementu-fabriketan erre ahal izateko zenbait gai ekoiztea proposatu baitzuten.
3MBrendako argi dago zementugileen eta hondakin kudeatzaileen interes ekonomikoak daudela “konponbide” hauen atzean, eta horien artean dago bileretan parte hartzen duen FCC ere. Ez dago bestela, Portland-en errausketa ezartzeak sortu duen aurkako mugimendua kontuan izanik, berriz ere gai hau mahai gainean jartzea ulertzeko modurik.
Sarritan azpimarratu dugu errausketa dela hondakinak gainetik kentzeko modurik jasangaitz eta arriskutsuena. Eta hau justifikatu nahian, Nafarroako Gobernuaren teknikariek Europak ezartzen duen lehentasunen hierarkiara jotzen dute, azken bi mailetan errausketa zabortegian pilatzearen aurretik dagoela esanez.
Aipatutako hierarkian errausketak maila bat igo zezan errausketaren aldeko lobby-ek egin zuten presioaz gain, ezin da ahaztu zabortegietan hondakin pilaketak asko aldatu duela Kyotoren garaian ezagutzen genuenetik. Gaur egun, beste hainbat tratamendu pasatu ondoren geratzen den materia inertea pilatzea hondakinak erraustea baino askoz ere gomendagarriagoa da.
Ez badu inork bere etxe ondoan hondakinik errausterik nahi, inoiz baino arrazoi gehiago dago hondakin horien errausketa alferrikakoa egingo luketen beste eredu batzuk aztertzeko.